39. Euskal Antzerki Topaketak

'Lubaki lainotsua' obraren estreinaldiarekin aurkeztuko dituzte ostiralean aurtengo Euskal Antzerki Topaketak

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 11a, 09:04

'Lubaki lainotsua' obran parte hartzen duten hiru aktoreak. (Atx Teatroa)

Soreasu antzokian izango dira urriaren 15eko emanaldia eta Topaketen aurkezpena, 19:00etan hasita. Sarrerak Interneten jarri dituzte salgai, 5 euroren truke.

Estreinaldi batekin iragarriko dituzte aurten Euskal Antzerki Topaketak. Atx Teatroa konpainiak Lubaki lainotsua bere azken lana aurkeztuko du Soreasu antzokian datorren ostiralean, eta emanaldi horrekin batera aurkeztuko dituzte 39. Euskal Antzerki Topaketen xehetasunak. Topaketak hurrengo asteburuan hasiko dira, eta azaroaren 14a arte, euskarazko antzerkiaren erakusleiho bihurtuko da aurten ere Azpeitia.

Sinopsi honekin aurkeztu du Atx Teatroak jendaurrean lehen aldiz Azpeitian emango duen antzezlana: "Izen gabeko gerraren lubaki batean, soldadu beterano bat dago, bakar-bakarrik, beste sasoi bateko gerlaria; baldintzarik gabeko militantzia eta diziplina zorrotza. Aspaldian ez dago batailarik, ezta etsairik ere... badirudi dena bare-bare dagoela. Jeneralek 'bakea' sinatu zuten, tropak etxera bidali zituzten aspaldi, baina ez zuten erreleborik bidali... eta, noski, errelebo gabe ez dago postua uzterik. Beterano hori oztopoa baino ez da gaur egungo sasoian. Bat-batean, ordea, zorioneko (edo zoritxarreko) egun batean erreleboa datorkio; eskarmentu gabeko soldadu gazte bat. Bere bizitza labur osoan sekula ez du gerra izpirik ezagutu. Belaunaldien arteko talka eta munduaren inguruko ikuspegi desberdinak izango dira marmitako berri honen osagaiak". Javier Barandiaran, Maren Basterretxea eta Miriam K. Martxante dira Lubaki lainotsuan parte hartzen duten hiru aktoreak.

Sarrerak salgai

Udalak iragarri bezala, "antzerkiaz gozatu eta topaketen berri izaten lehenak izan nahi dutenentzat", dagoeneko salgai jarri dituzte urriaren 15eko estreinaldi-aurkezpen ekitaldirako sarrerak.

Lotura honetan eros daitezke sarrerak, 5 euroren truke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide