Julen Azpiazuk Berangoko Nazioarteko Milia lasterketa irabazi du, 20 urtez azpikoen mailan

Julene Frantzesena 2021ko urr. 11a, 08:07

20 urtez azpikoen podiuma.

Larunbatean izan zen lasterketa, eta 1.609 metro lau minutu eta lau segundotan egin zituen azpeitiarrak. Bigarren sailkatuari zazpi segundoko aldea atera zion.

Julen Azpiazu Xeye atletismo taldeko korrikalariak Berangoko (Bizkaia) Nazioarteko Milia proba irabazi du, 20 urtez azpikoen mailan. Larunbatean izan zen lasterketa, eta 1.609 metro lau minutu eta lau segundotan egin zituen azpeitiarrak. Horrenbestez, bigarren sailkatu zen Oussama Assehli zazpi segundoko aldea atera zion.

Berangoko Milia proba oso entzutetsua da, punta-puntako atletek parte hartzen dute eliteen mailan. Azpiazu gustura da egindako lanarekin. Hark Uztarria.eus-i azaldu dionez, "arriskatu" egin zen, lasterketa "lehertzera" atera zelako. "Ondo atera zitzaidan eta helmugara bakarrik iristea lortu nuen". Denboraldiari hasiera "ona" eman dio Azpiazuk, eta urriaren 24an Zornotzan hasiko duen krosen denboraldia prestatzen "gogotsu" ari dela azaldu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide