Julen Lopetegi eta Julen Azkue nagusi Torre del Marreko triatloietan

Julene Frantzesena 2021ko urr. 12a, 09:11

Lopetegi eta Azkue podiumean.

Lopetegik distantzia olinpikoko triatloi proba irabazi zuen, eta distantzia erdikoa Azkuek. Larunbatean izan ziren probak Malagan, Torre del Mar triatloiaren 28. edizioan.

Azkoitri triatloi taldeko kideek emaitza oso onak lortu dituzte asteburuan. Izan ere, bi azpeitiarrek garaikur bana irabazi zuten zapatuan Malagan, Torre del Mar triatloiaren 28. edizioan.

Julen Lopetegik distantzia olinpikoko proba egin eta irabazi zuen. Azpeitiarrak bi ordu, bi minutu eta hogei segundo behar izan zituen 1.500 metro igerian, 40,6 kilometro bizikletan eta 10,7 kilometro korrika egiteko. Bigarren sailkatua, Ahmed Kanafi baino sei minutu lehenago iritsi zen Lopetegi helmugara.

Ez zen, baina, Lopetegi izan garaipena eskuratu zuen azpeitiar bakarra. Hain zuzen ere, distantzia erdiko maratoia irabazi zuen Julen Azkuek. Hark 04:24:40 denboran egin zituen 1.900 metro igerian, 81 kilometro bizikletan eta ia maratoi erdia korrika.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide