Espainiako Gerran Gipuzkoan izandako altxamendu militarraren eta faxismoaren aurka borrokan aritu ziren gudariak, milizianoak, gizonak nahiz emakumeak omentzeko eta oroitzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Munoandi elkarteak. Besteak beste, erakusketa bat, liburu aurkezpen bat eta hitzaldi bat izango dira datozen asteetan herrian.
Lehen ekitaldia asteazkenean izango da; zehazki, 36ko Gerrari buruzko argazki erakusketa inauguratuko dute Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan (18:00). Munoandik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Sabino Arana fundazioarekin elkarlanean antolatu du erakusketa, eta inaugurazio ekitaldian Jon Ganbra aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura demokratikoaren zuzendariak, Mireia Zarate Sabino Arana fundazioko presidenteak eta Iñaki Txapartegi Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidenteak parte hartuko dute.
Hurrengo hitzordua hilaren 19an izango da, Foru Ibilbideko areto horretan bertan. 19:00etan hasita, Loyola batailoiko komandante Juan Beistegiren 366 egun borrokan Euzkadiren alde. 1936-1937 oroitzapen liburuaren aurkezpena izango da. Gainera, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak Beistegiri buruzko solasaldia eskainiko du. Ondoren, Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko kideak hitzaldia eskainiko du, Gerra Zibila Gipuzkoan: Azpeitiko kasua izenburupean.