Aimar Olaizolak azaroaren 13an esango dio agur pilotari. Hori dela eta, Olaizola II.a agurtzeko pilota jaialdi profesionala antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Ilunpe pilota elkarteak urriaren 22rako. Modu horretan, goi mailako pilota herrira itzuliko da hilabete askoren ostean. Bi partida hartuko ditu hilaren 22ko jaialdiak, eta bertan izango dira Jon Alberdi azpeitiarra nahiz Olaizola II.a. Beraz, Olaizolak Azpeitian jokatuko duen azken partida izango da. Lehen Mailako hamalau txapel lortuta, eta hogeita hiru urteko kirol ibilbide profesional oparoa eginda utziko du pilota Olaizolak.
Hilaren 22ko jaialdia 22:00etan hasiko da. Lehendabiziko partidan Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak jokatuko du Zabalaren aurka, promozioko lau eta erdiko txapelketako final laurdenetako ligaxkako lehian. Bigarren partidan arituko da Olaizola II.a, Mariezkurrenarekin bikote eginez, Peña II.a eta Albisuren aurka, hain zuzen ere.
Sarrerak dagoeneko salgai daude honako lotura honetan. Kantxako sarrerek 30 euro balio dute eta 25 euro goiko palkokoek; 16 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dute jaialdira. Egunean bertan, 18:00etan zabalduko dute Izarraitz pilotalekuko leihatila. Frontoiko edukiera %100ekoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.