Osasun larrialdia tarteko, eskualdeko trikitilariak urteroko hitzordurik gabe gelditu ziren iaz. Dena den, ohiko ekitaldiak berreskuratzen ari diren honetan, bueltan da Trikigiro jaialdia ere. Ohi bezala, urrian egingo dute trikitiaren festa; urriaren 22an, ostiralez, jarri dute hitzordua, eta seigarren ekinaldia izango da aurtengoa. Trikigiro kultur elkarteak eta Kulturaz kooperatibak antolatu dute jaialdia; 2015az geroztik, eskualdeko trikitizaleen komunitatea saretzeko zein haren transmisioa bermatzeko asmoz egin ohi dute. Helburu horri tiraka, bailaran hainbesteko indarra daukan trikitiak herriko txokoak girotuko ditu beste urte batez.
19:00etan hasiko dituzte Trikigiro eguneko ekitaldiak; ordu horretan, trikitilari gazteen emanaldia izango da plazan. Dena den, eguraldiak laguntzen ez badu, Sanagustin kulturgunean egingo dute saioa. Ondoren, 20:00etan, kalejiran ibiliko dira trikitilariak, eta argazki erraldoia aterako dute bildutako guztiek. Amaitzeko, 21:00etan, afaria egingo dute Sanagustin kulturgunean. Hamazazpi euro ordaindu beharko da afaria, eta bertaratu nahi dutenek Sanagustinen bertan edo 690 95 59 47 telefonora deituta egin behar dute erreserba.