Organo Erromantikoaren Zikloko Azpeitiko azken emanaldia izango da gaur

Julene Frantzesena 2021ko urr. 22a, 08:30

Brice Montagnoux organo-jotzaileak eta Eva Villegas klarinete-jotzaileak eskaini behar zuten emanaldia Loiolako basilikan, 20:00etan hasita. Osasun arazoak tarteko, ordea, bertan behera gelditu da haien emanaldia, eta Ainhoa Merzero sopranoak eta Alberto Saez Puente organo-jotzaileak eskainiko dute saioa.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXII. Zikloa amaierara iristear da. Dena den, asteburu honetan ere izango dira emanaldiak Azpeitian, Azkoitian nahiz Bergaran. Azpeitiko azken kontzertua gaur, ostirala, izango da. Izatez, Brice Montagnoux organo-jotzaileak eta Eva Villegas klarinete-jotzaileak eskaini behar zuten emanaldia Loiolako basilikan, 20:00etan hasita. Osasun arazo bat tarteko, ordea, Montagnouxek eta Villegasek ezin izango dute Loiolan saiorik eskaini, eta horien ordez, Ainhoa Merzero sopranoa eta Alberto SaezPuente organo-jotzailea igoko dira agertokira.

Azkoitiko eta Bergarako kontzertuak, berriz, bihar, zapatua, izango dira 20:00etatik aurrera. Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian Loreto Aramendi eta Sarah Perarnaud organo-jotzaileak ariko dira. Bergarako Santa Marina parrokian, berriz, Myriam Ulanga organo-jotzaileak eta Roberto Nuño biola-jotzaileak eskainiko dute saioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide