Udako oporren ostean, Azpeitiko langabezia tasak beherazko joerarekin jarraitzen du. Izan ere, Lanbidek emandako datuen arabera, irailean %7,4koa zen herriko langabezia tasa; hau da, 539 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian.
Uda hasi zenetik herrian jaso den daturik onena da; zehazki, ekainean baino 47 lagun gutxiago, uztailean baino 52 gutxiago eta abuztuan baino 46 gutxiago zeuden irailean langabezian. Are gehiago, 2020ko iraileko datuarekin alderatuz gero ere, behera egin du langabetu kopuruak: orduan 735 lagun zeuden lanik gabe, hau da, herritarren %10,2 zeuden lanik gabe. Beraz, urtebetean 2,8 puntu jaitsi da ehunekoa.
Dena den, generoaren arabera, alde nabarmena dago langabezian dauden azpeitiarren artean: gizonen artean %5,3 dira langabetuak, eta emakumeen artean, %9,8.
Azpeitiko langabezia tasa Urola Erdikoaren (%7,6), Gipuzkoakoaren (%9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren (11,1) azpitik dago, nahiz eta zenbateko horiek ere jaitsi egin diren iazko iraileko datuekin konparatuta.
Urola Erdiko herrietan ere antzekoa da joera; herri guztietan egin du behera langabetuen kopuruak urtebetean: 24 puntu jaitsi da langabeen tasa. Hala eta guztiz, 1.210 lagun daude lanik gabe gaur egun. Herri horien artean Aizarnazabal da tasarik altuena duen herria (%11), eta haren atzetik daude hurrenez hurren, Beizama (%9,1), Azkoitia (%7,9), Zestoa (%7,7), Azpeitia (%7,4) eta Errezil (%5,4).
Hona hemen eskualdeko langabeen kopuruak, herrika:
- Aizarnazabal: 42 langabetu 2021eko irailean (iazko irailean baino 13 langabe gutxiago).
- Azkoitia: 459 langabetu (iazko irailean baino 140 langabe gutxiago).
- Azpeitia: 539 langabetu (iazko irailean baino 196 langabetu gutxiago).
- Beizama: 5 langabetu (iazko irailean baino langabe bat gutxiago).
- Errezil: 17 langabetu (iazko irailean baino bi langabetu gutxiago)
- Zestoa: 148 langabetu (iazko irailean baino 30 langabe gutxiago)