Ate joka dira 39. Euskal Antzerki Topaketak. Atzo, ostirala, aurkeztu zuten aurtengo ekinaldia, Atx Teatroaren Lubaki lainotsua emanaldia hasi aurretik, Soreasu antzokian. Bertan izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Eneritz Albizu Kultura batzordeburua aurtengo egitarauaren xehetasunak ematen. Besteak beste, nabarmendu zuten aurtengoan hamalau antzezlan, lau estreinaldi eta txotxongilo tailerra nahiz erakusketa izango direla.
Antzerki Topaketek Azpeitian duten ibilbidean jarri zuen arreta alkateak. "39 urte azkar esaten da, baina urteotan ehundaka antzezlan, sortzaile, teknikari eta bestelako pasatu dira herriko oholtzen gainetik". Horren guztiaren atzean "lan andana" dagoela azpimarratu zuen. Iaz, osasun egoerak baldintzatuta bazen ere, "antzerki topaketei heldu eta kulturaren alde apustu egiten jarraitzea erabaki" zutela gogoratu zuen, eta aurten ere, "beharrezko protokolo guztiak betez", ikusleei aretoak betetzea dagokiela. "Kulturaz eta antzerkiaz gozatzea dagokigu; antzezleei, sortzaileei, teknikariei zein kultur mugimenduko kideei hor gaudela esatea".
Alkortak nabarmendu zuenez, azken hamarkadan "kultur eredu propioa" eraiki da Azpeitian; haren arabera, "kultur mugimendua eta udala bat eginda" ari dira lanean. "Udaleko kultur langilerik, Kultur Mahairik eta Kulturaz kooperatibarik gabe ezinezkoa litzateke kalitate honetako egitaraua pentsatzea, osatzea eta prestatzea. Denontzako lekua dagoen Azpeitia denon artean osatzeko eredu bikaina dugu kulturgintzan".
Kultura batzordeburuak ere elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen, eta aipatu zuen Dinamoa sormen gunea antzerkigintzaren eta sormenaren laborategi bilakatu dela. "Azken urteotan hamaika sortzailek eta antzerki konpainiak sortu dituzte obrak Azpeitian, eta Dinamoa sormen gunea ezinbesteko azpiegitura bilakatu da horretarako. Gainera, antzezlan horietako batzuk Antzerki Topaketetan ikusi ahal izango ditugu". Hori posible izan dadin Kulturaz kooperatibak egiten duen lana eskertu zuen Albizuk: "Haien lanik gabe ezinezkoa litzateke sormen egonaldi horiek nahiz Antzerki Topaketak gauzatzea".
Kultura batzordeburuak adierazi zuen formatu eta izaera desberdinetako emanaldien eskaintza zabala izango dela aurtengoan, ohi bezala, euskara hutsean, eta haurrentzat zein helduentzat. Alkortak, era berean, antzerkiaz gozatzeko deia egin zien herritarrei. "Goza dezagun mundu ikuskera gozoez zein eroez. Begira diezaiogun munduari begirada kritikoz eta murgil gaitezen ametsen zein ilusioen munduan".
Lau estreinaldi eta musikal bat
Hamalau antzerki obra izango dira aurtengo Euskal Antzerki Topaketetan, eta horietatik lau izango dira estreinaldiak; lau obra horien lantaldeek Azpeitian sormen egonaldiak egin dituzte. Atzo ikusi ahal izan zen Atx Teatroaren Lubaki lainotsua eta urriaren 28an Ze Onda antzerki taldeak taularatuko duen Tempus Fugit sormen egonaldietan hondutako obrak dira. Horrez gain, Zubi proiektuaren bidez Azpeitian garatutako Formol Laborategiaren Album obra azaroaren 11n estreinatuko dute. Berritasun gisa, Kulturaz kooperatibak emandako pauso bati esker Kamikaz kolektiboak eta TTak Teatroak sortu duten Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi ikuskizuna izango da urriaren 31n. Estreinaldiez gain, aipatzekoa da Demode Quarteten Kutxidazu bieda Ixabel musikalak itxiko dituela 39. Euskal Antzerki Topaketak. Duela gutxi antzerki musikalen Max saria jaso du lan horrek, eta Azpeitian ere izango da obra horretaz gozatzeko aukera.
Egitaraua
- Urriak 28, osteguna. Ze Onda antzerki taldearen Tempus Fugit, 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat. Estreinaldia.
- Urriak 29, ostirala. Artedrama arte eszenikoen plataformaren Amua, 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
- Urriak 30, larunbata. Gorakada Teatroaren Zuhaitzak landatzen zituen gizona, 17:00etan, Soreasu antzokian. Haurrentzat eta helduentzat.
- Urriak 31, igandea. Kamikaz kolektiboaren eta Ttak Teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi , 19:00etan, Soreasu antzokian. Gazteentzat eta helduentzat. Estreinaldia.
- Azaroak 1, astelehena. Xabier Larrearen Up! ikuskizuna, 13:00etan, plazan.
- Azaroaren 1etik 15era. Corrado Masacciren txotxongilo tailerra eta erakusketa, goizez eta arratsaldez, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan.
- Azaroak 4, osteguna. Pez Limboren Harri, orri, ar, 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
- Azaroak 5, ostirala. Mauma konpainiaren Lurrun minez, 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
- Azaroak 6, larunbata. Pantzart konpainiaren Hitzak txorabiatzen, 19:00etan, Soreasu antzokian. Haurrentzat eta helduentzat.
- Azaroak 7, igandea. Eromen Produkzioaken Guateke, 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
- Azaroak 11, osteguna. Formol Laborategiaren Album, 19:00etan, Soreasu antzokian. Gazteentzat eta helduentzat. Estreinaldia.
- Azaroak 12, ostirala. Arriaga antzokiaren eskutik, Maitasunaren itxiera, 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
- Azaroak 13, larunbata. Anita Maravillasen eskutik, Kotondarrak, 19:00etan, Soreasu antzokian. Haurrentzat eta helduentzat.
- Azaroak 14, igandea. Demode Quarteten eskutik, Kutsidazu bidea Ixabel musikala, 19:00etan, Soreasu antzokian. Gazteentzat eta helduentzat. Ondoren, 39. Euskal Antzerki Topaketetako sari banaketa egingo dute.
Egitarauaren gaineko xehetasun gehiago, hemen.
Sarrerak salgai
Ikuskizun guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude Azpeitiko Udalaren webgunean. Helduek bost euro ordaindu beharko dute, eta haurrek, berriz, hiru euro.