Peio Segurolak eta 'Argi' txakurrak irabazi dute Saizarren omenezko ardi txakur txapelketa

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 17a, 13:44

Jose Luis Saizar zena omenduz, Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa jokatu dute Zarautzen. Matxinbentarra nagusitu da lehian, Mikel Aizpurua oiartzuarrari bi puntuko aldea aterata.

Omenaldi hunkigarria egin zioten atzo –larunbata– arratsaldean dozena bat urtez jarraian Zarauzko Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa antolatzen aritutako eta, era berean, han nahiz hemen parte hartzaile ibilitako Jose Luis Saizar zenari. Atzokoa Zarautzen jokatu zuten hamahirugarrena izan zen, eta Matxinbentako Peio Segurola izan zen nagusi, bigarren izan zen Mikel Aizpurua oiartzuarrari bi puntuko alde eskasa aterata.

Guztira, sei artzain aritu ziren lehian, eta bakoitzak bere txakurrarekin hainbat ariketa osatu behar izan zituen ardi multzoak zirkuluaren barruan sartzen, ateetatik igarotzen edota itxitura baten sarruan sartu-ateratzen.

Lehia oso estua izan zen lehenengo hiru sailkatuen artean: bi puntuko aldea izan zen lehen bien artean, baina kontuan izan behar da bigarren eta hirugarren sailkatuak puntutan berdindu egin zutela. Hau da, Mikel Aizpurua oiartzuarrak, Argirekin, eta Ignazio Irakulis etxanoztarrak, Beltzekin, puntuazio bera lortu zuten; Irakulisek, ordea, minutu eta erdi gehiago behar izan zuen ariketak osatzeko, eta, ondorioz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Gainerakoei dagokienez, Gaizka Etxaniz eta Nai txakurra izan ziren laugarren, Javier Gaztañaga antzuolarra eta Artzai bosgarren, eta Aitor Urien abadiñoarra eta Jack seigarren. Zarauzko Udaleko Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagaren eskutik jaso zituzten sariak parte hartzaile guztiek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide