Ander Etxegoien izango da Orioko lehen traineruko patroia

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 19a, 15:19

Ander Etxegoien. (Orioko Arraunketa Elkartea)

34 urte ditu, getariarra eta Azpeitiko bizilaguna da, eta esperientziadun patroia. Jaioterriko klubean egin ditu urterik gehienak, baina San Pedron hiru denboraldi eginda iritsiko da Oriora.

Orio Arraunketa Elkarteak baieztatu du berria: datorren denboraldian Ander Etxegoien izango da mutilen lehen traineruko patroia. 34 urte ditu Etxegoienek eta getariarra da, nahiz eta azken urteotan Azpeitian bizi den.

Etxegoienek umetan heldu zion arraunari, 10 urte zituela, eta 24 urte daramatza kirol horri lotuta. Urte horietako gehienak jaioterriko klubean egin dituen arren, San Pedrotik iritsiko da Oriora, talde morean hiru denboraldi eginda. Datu bat aipatzearren, 2018an, Libiaren gidaritza hartu zuen urtean, beretzat izan zen TKE ligako patroi onenaren saria. Oriora "motibazio handiarekin eta ilusioz" doala ziurtatu du klubak.

Etxegoieni ongietorria ematearekin batera, Ugaitz Mendizabali eskerrak eman dizkio Orio Arraunketa Elkarteak, iaz patrontzan egindako lanagatik. “Orain aurrera begiratzeko momentua da, eta pausoak ematen ari gara, aurten iaz bezain lehiakorrak eta, ahal bada, hobeak, izateko helburuarekin”, adierazi du klubak, ohar bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide