IRITZIA

Errespetua

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 22a, 11:00

Mailo Oiarzabal kazetariak eta GUKA gehigarriko eutanasiari buruzko erreportajearen egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nahiago dugu horretaz ez pentsatu, horretaz pentsatzen hastea beste erremediorik ez daukagun bitartean. Heriotzaz ari naiz, erreportaje hau osatzeko hitz egin dudan lagun guztien arabera gure gizartean oraindik ere tabu handia den zera horretaz. Maite ditugunen heriotzaz, norberaren heriotzaz. Den-denoi, salbuespenik gabe, iritsiko zaigunaz. Bizi den oro hilko delako; egia sinplea, egiarik behinena, baina ez horregatik eraman errazagoa.

Errespetua ematen du heriotzak. Bizitzeak nahiko lan ema- ten du boladaz, noiz eta nola etorriko den ez dakigun bidearen azken pauso horretan arreta jartzen hasteko. Badakigu hiltzea saihestezina izango dugula; baina ondo gauden bitartean, gure kezken ilaran azkenputz. Eta normalena iruditzen zait neuri. Baina badira heriotzari, beraienari edo gertuko batenari, begietara begiratu beste erremediorik ez dutenak. Guztioi ez zaigu halakorik gertatuko, baina edonori gerta dakioke. Egun batean ondo zaude, eta hurrengoan erremediorik ez daukan gaitz bat duzula esaten dizute, edo erabateko ezintasun batek hankaz gora jartzen dizu bizimodua. Horretaz badaki zerbait Juanjo Uriak, Ana Mosquera emazteari alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) diagnostikatu ziotenetik hamasei urte joan direnean.

Joan den ekainetik Hego Euskal Herrian indarrean den Eutanasiaren Legea aipatutako edo antzeko ataka estuetatik igaro behar izan duten milaka lagunen bultzadaren fruitua da hein handian. Probatu ez duenak ez dakielako zer den maite dituzunak hil egin behar eta ezinean ikustea, sufrimenduak deuseztatuta, herio bizian edo guztiz joanda. Halakoak saihesteko edo saihesten ahalegintzeko bide bat ireki du lege berriak, egoera jakin batzuetan bederen, bizitzarekin bukatzea norbanakoen borondatean eta erabakian oinarrituta.

Berri-berria izanik, legea praktikan nola gauzatuko den ikusteko dago; arauaren abaguneak, arriskuak eta hutsuneak mahai gainean jarri ditu Eneko Etxeberria EHUko Unesco katedrako kideak. Eutanasiaren eta legearen kontra daudenek ere hitz egin dute. Eutanasia eskubidea dela gogorarazi du Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko (DHE) Mario Una- munok; aukera bat, eta ez betebeharra. Legeak lege, heriotza onaren gaiak askorako ematen duela jabetzeko balio izan dit erreportaje hau egiteak. Bizitzari aurre egiteko bezala, heriotzari aurre egiteko ere hamaika modu daude. Errespetua merezi dute guztiek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide