32 gidarik parte hartuko dute igandean Urrakiko XXXIX. Igoeran

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 21a, 14:23

Joseba Iraola. (Javier Alonso)

10:00etan hasiko da Euskal Herriko zein Gipuzkoako Mendi Igoeren txapelketarako puntuagarria izango den auto lasterketa; zapatuan, berriz, 15:00etatik aurrera egingo dituzte egiaztatze teknikoak eta administratiboak, Epaitegien plazan. Joseba Iraola da irabazteko hautagai nagusia. Azpeitiko lau gidarik eman dute lasterketarako izena: Iñaki Alberdik, Joxe Labakak, Iokin Agirrek eta Gorka Otaegik. 

Automobilismoaren zaletuek hitzordua dute asteburuan Azpeitian. Igandean jokatuko da Urrakiko XXXIX. Igoera, eta 32 auto gidari lehiatuko dira bertan. Euskal Herriko zein Gipuzkoako Mendi Igoeren txapelketetarako puntuak banatuko ditu Lagun-Artea Eskuderiak antolatutako proba ezagunak.

Lasterketen giroa zapatutik nabarituko da herrian, bereziki Sanjuandegin, hango Epaitegien plazan egingo baitituzte egiaztatze teknikoak eta administratiboak lasterketa egunaren bezperan, 15:00etatik aurrera. Igandean, berriz, 09:00etan itxiko dute trafikoarentzat Urrakiko errepidea, "nahiz eta ordu hori aurreratu ahal izango den egoerak hala eskatuko balu", antolatzaileek zehaztu dutenez. Igandeko lasterketa 10:00etan hasiko da, eta parte-hartzaileek guztira hiru aldiz osatu beharko dute Urrakiko Igoeraren sei kilometrotik gorako ibilbidea: 10:00etan hasita egingo dute entrenamenduko manga, eta ondoren etorriko dira probaren bi manga edo txanda ofizialak.

Iraola, Scherer, Alberdi...

Joseba Iraola, Norma NP01 barketarekin, da aurtengo Urrakiko Igoera irabazteko "faborito nagusia", Lagun-Arteakoek nabarmendu dutenez. Monoplazen sailean lehiatuko da Iosu Beitia azkoitiarra ere, baina 7. klaseko sailkapenaren bila, CM-en atalean.

Turismoen atalean, berriz, Urrakin ere Bruno Scherer (Porsche GT3) eta Beñat Poblacion (Mitjet V6 ST) pilotuen arteko lehia "errepikatzea" espero dute antolatzaileek, baina aipatu dute Urrakin txapela irabazteko "beste lehiakide gogor bat" izango dutela, Iñaki Alberdi azpeitiarra (Porsche GT3). Markel Cestafe (Seat Leon) eta Joseph Duperou (BMW M3 GTR) ere aipatu dituzte faboritoen artean.

Aipatutako Alberdiz eta Beitiaz gain, "etxeko" beste sei gidarik eman dute izena Urrakiko Igoeran parte hartzeko: Azpeitiko Joxe Labaka, Iokin Agirre eta Gorka Otaegi; Azkoitiko Ibon Beitia eta Ioritz Olariaga; eta Errezilgo Gurutz Agirretxe.

Segurtasun neurriak

Zapatuan Epaitegien plazara joango diren ikusleei musukoa janzteko eskatu diete antolatzaileek, "pertsonen arteko metro eta erdiko tartea gorde ezin dutenean". Lasterketako ibilbidean "maskara une orotan erabili" beharko da, "eta beste zaletuekin kontaktua saihestu". Igoera "oso luzea" dela eta jende pilaketak saihesteko "nahikoa leku" egongo dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Osasun gomendioekin batera, eta urtero legez, ikusleek jarraitu beharreko segurtasun eta babes neurriak azpimarratu dituzte Lagun-Arteakoek: "Komisarioen oharrak eta aginduak bete, eta inoiz ez kokatu leku arriskutsuetan. Eta, nola ez, debekatuta dago ibilbide guztian ibilgailuak aparkatzea ere".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide