Gipuzkoako federazioaren infantil mailako esku pilotako teknifikazio saioak hartuko ditu Urrestillako frontoiak

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 21a, 16:17

Urrestillako Txikuri pilotalekua.

Urola eta Deba bailaretako hamabi pilotarik, horietatik zazpi Ilunpekoak, parte hartuko dute Jon Alberdi pilotari profesional azpeitiarrak gidatuko dituen saioetan. Asteazkenetan izango dira saioak, ekainera bitartean.

Gipuzkoako Esku Pilota Federazioak (GEPF) martxan jarri ditu infantil eta kadete mailetako mutilen ikasturte honetako teknifikazio saioak, eta Urrestillako Txikuri pilotalekua izango da saio horien egoitzetako bat. Hain zuzen ere, infantil mailako Urola eta Deba bailaretako pilotariei zuzendutako teknifikazio entrenamenduak egingo dituzte Urrestillan. Jon Alberdi pilotari profesional azpeitiarrak gidatuko ditu Txikuriko saioak. Astean behin, asteazken arratsaldetan, egingo dituzte, eta guztira hamabi pilotarirekin ariko da lanean Alberdi. Horietatik erdiak baino gehiago, zazpi, Ilunpe elkarteko pilotariak dira: Eneko Bidezabal, Mikel Iturralde, Markel Mendizabal, Ugaitz Aranguren, Ioritz Arsuaga, Jokin Artetxe eta Eneko Ulazia.

Zortzigarren aldiz antolatu du GEPFak pilotari gaztetxoei entrenamendu tekniko pertsonalizatua eskaintzea xede duen egitasmoa. Gipuzkoako hemezortzi klubetako 72 pilotarik eman dute izena 2021-2022 denboraldiko teknifikazio saioetarako. Hautaketa entrenamenduen ondoren, 53 dira sasoi honetako teknifikazioan parte hartzeko aukera izango dutenak, hemezortzi kadete mailakoak eta 35 infantil mailakoak. Azken horientzako entrenamenduak eskualdeka antolatu dituzte, hiru multzotan. Urrestillako frontoian bezala, Zizurkilgo pilotalekuan eta Lasarte-Oriako Michelineko pilotalekuan ere egingo dituzte infantilentzako saioak, Xabier Tolosa eta Asier Arteaga profesionalen gidaritzapean, hurrenez hurren..

Kadeteek, berriz, Donostiako Atano III.a pilotalekuan egingo dituzte lan saioak, eta hor ere badira Ilunpeko ordezkariak: Manex Azpiazu, Iñigo Sarasua, Jokin Bidezabal eta Oier Larrañaga. Iraitz Olaetxea federazioko teknikariak zuzenduko ditu kadeteen teknifikazio entrenamenduak.

Urrian hasi dira lanean esku pilotako teknifikazio saioetan, eta ekainera arte jarraituko dute asteroko hitzorduekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide