Gaur erabakiko da zein bikotek jokatuko duten Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketako finala

Julene Frantzesena 2021ko urr. 23a, 08:06

Izarraitz pilotalekuan izango dira neurketak, 22:00etan hasita. Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe) Urrutia II.a eta Ansa (Ardozaleak) izango dituzte parez pare lehen partidan, eta bigarrena, berriz, Urrizak eta Labakak (Oilo Soro) jokatuko dute Ansa II.aren eta Martiarenaren kontra (Zokoa). Lau bikoteek dituzte datorren asteko finalerako txartela eskuratzeko aukerak.

Gaurkoa egun erabakiorra izango da Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketari dagokionez. Izan ere, ligaxkako azken jardunaldia izango da gaur, zapatua, 22:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe) Urrutia II.a eta Ansa (Ardozaleak) izango dituzte parez pare lehen partidan, eta bigarrena, berriz, Urrizak eta Labakak (Oilo Soro) jokatuko dute Ansa II.aren eta Martiarenaren kontra (Zokoa).

Sei bikote aritu dira aurtengo lehian, eta bik dagoeneko bukatu dute ibilbidea. Hain zuzen ere, Segurola eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a (Inpernue) eta Goikoetxea V.a eta Zubiri (Gure Ametsa) jokatu beharreko partidak jokatu eta txapelketatik kanpo gelditu dira. Beste lau bikoteek finalerako txartela eskuratzeko lehian jarraitzen dute, eta beraz, biharkoan erabakiko da zeinek jokatuko duten datorren larunbatean txapelketaren XXI. edizioaren finala.

Lehen partidako garailea izango da bikote finalistetako bat, eta bigarren partidan dena irekita dago; izan ere,  Ansa II.ak eta Martirenak irabazten badute, beraiek sailkatuko dira finalera. Labakak eta Urrizak, berriz, irabazteaz gain aurkariek 32 tanto baino gutxiago egitea behar dute txapelaren bila borrokatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide