Parte hartze handia eta trikitia izan dira protagonista Trikigiroren VI. edizioan

Anartz Izagirre 2021ko urr. 23a, 12:35

Urtebeteko etenaren ostean Trikigiro jaialdia egin ahal izan dute antolatzaileek, eta erantzun bikaina izan du. Eskualde osoko hainbat trikitilarik parte hartu zuten atzo Trikigiron, eta giro ederra nagusitu zen kaleetan zehar.

Osasun larrialdia tarteko, eskualdeko trikitilariak urteroko hitzordurik gabe gelditu ziren iaz. Dena den, ohiko ekitaldiak berreskuratzen ari diren honetan, bueltan izan zen atzo Trikigiro jaialdia ere, ez edonolako moduan, gainera. Izan ere, dozenaka trikitilarik eta pandero-jotzailek parte hartu zuten atzoko jaialdian. Hasteko, Sanagustin kulturgunean eskualdeko musikari gaztetxoen txanda izan zen. Aizarnazabaldarrekin hasi zen saioa, eta ondoren, herriko nahiz inguruetako beste hainbat trikitilari eta pandero-jotzaile igo ziren agertokira. Horren ostean, berriz, kalejira egin zuten herriko kaleetan zehar, eta egunari amaiera ederra emateko, 180 pertsona inguruk Sanagustinen afaldu zuten.

Lurdes Alkorta da Trikigiro jaialdiaren antolatzaileetako bat, eta hark adierazi duenez, "oso gustura" daude antolatzaileak seigarren edizio honek izan duen harrerarekin. Datozen urteetan ere Trikigiro antolatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu du azpeitiarrak.

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide