Olaizola II.a agurtu dute Izarraitzen, eta Alberdik ezin izan du aurrera egin txapelketan

Ane Olaizola-Julen Imaz 2021ko urr. 23a, 16:00

Erretiroaren atarian, zaleen agur beroa jaso zuen atzo Olaizola II.ak, Izarraitz pilotalekuan egin zuten pilota jaialdian. Alberdi promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren final laurdenetako ligaxkan lehiatu zen Zabalaren aurka, baina azpeitiarrak ezin izan zuen finalerdirako txartela lortu.

23 urteko kirol ibilbidearen ondoren, Aimar Olaizolak agur esango dio pilotari datorren azaroaren 13an. Erretiroaren atarian, agurreko hainbat partida jokatzen ari da goizuetarra, eta atzo, ostirala, Azpeitian agurtu zuten Izarraitz pilotalekuan elkartu ziren dozenaka pilota zalek.

Azpeitiko Udalak eta Ilunpe pilota elkarteak jaialdi profesionala antolatu zuten atzorako, eta aspaldiko partez, goi mailako pilota partidak ikusteko aukera izan zen frontoian. Jon Alberdi azpeitiarrak eta Zabalak ireki ziren jaialdia, eta promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren final laurdenetako ligaxkako lehian neurtu zituzten indarrak bi pilotariek. Azpeitiarrak, ordea, ezin izan zuen txapelketan aurrera egitea lortu, Zabala aise gailendu baizitzaion norgehiagokan (22-11). Hori hala, azpeitiarra ligaxkatik kanpo geratu zen, eta Zabalak lortu zuen finalerdirako txartela. Alberdi ez ezik, Julen Egiguren azpeitiarra ere ari da promozioko mailako Lau eta Erdiko Txapelketan lehian, eta hark bihar, igandea, Darioaren aurka jokatuko du final laurdenetako ligaxkako partida, Eibarren.

Olaizolak, bere agurreko omenaldian, Mariezkurrena izan zuen lagun, eta bikotea erraz gailendu zitzaion Peña II eta Albisuri, 22-11 amaitu baitzuten norgehiagoka. Partida hasterako, Ilunpeko gaztetxoak arduratu ziren Olaizolari ongietorria egiteaz, eta udalak oroigarria eman zion pilotariari. Beñat Lizasok ere hainbat bertso eskaini zizkion pilotariari, bere kirol ibilbideko balentriak gogoratuz eta pilotari emandakoarengatik eskerrak emanez. Zaleek, berriz, txalo zaparra luze batekin agurtu zuten goizuetarra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide