Urrakiko Igoeran parte hartuko duten ibilgailuen egiaztatzeak egin dituzte Sanjuandegin

Anartz Izagirre 2021ko urr. 23a, 17:07

Epaitegien plazan egiten ari diren egiaztatzeen irudi bat.

Egiaztatze teknikoak eta administratiboak egin dituzte Epaitegien plazan. Bihar, igandea, izango da Urrakiko Igoeraren XXXIX. edizioa, eta 32 gidarik parte hartuko dute.

Automobilismoaren zaletuek hitzordua dute egunotan Azpeitian. Bihar, igandea, jokatuko da Urrakiko XXXIX. Igoera, eta 32 auto gidari lehiatuko dira bertan. Euskal Herriko zein Gipuzkoako Mendi Igoeren txapelketetarako puntuak banatuko ditu Lagun-Artea Eskuderiak antolatutako proba ezagunak. Lasterketen giroa, ordea, gaurtik nabaritu da herrian, eta, bereziki, Sanjuandegin. Izan ere, hango Epaitegien plazan egin dituzte ibilgailuen egiaztatze teknikoak zein administratiboak, eta hainbat herritar joan da bihar lehiatuko diren autoak ikustera.

Bihar, 09:00etan itxiko dute trafikoarentzat Urrakiko errepidea, "nahiz eta ordu hori aurreratu ahal izango den egoerak hala eskatuko balu", antolatzaileek zehaztu dutenez. Lasterketa 10:00etan hasiko da, eta parte-hartzaileek guztira hiru aldiz osatu beharko dute Urrakiko Igoeraren sei kilometrotik gorako ibilbidea: 10:00etan hasita egingo dute entrenamenduko manga, eta ondoren etorriko dira probaren bi manga edo txanda ofizialak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide