Joseba Iraola eta Iñaki Alberdi nagusitu dira Urrakiko Igoeran

Ane Olaizola-Urtzi Oteiza 2021ko urr. 24a, 17:37

Norma NP01 barketarekin lehiatu da Iraola, eta hura izan da azkarrena, 02:54:562 denbora eginda. Haren atzetik sailkatu dira Aitor Manso eta Iosu Beitia; turismoetan, Iñaki Alberdi azpeitiarra izan da garaile, eta Beñat Poblacionekin eta Bruno Schererekin osatu du podiuma. Guztira, 32 auto gidari lehiatu dira Urragiko igoeran, eta antolatzaileen esanetan, "giro oso onean" jokatu dute lasterketa. 

Urrakiko XXXIX. Igoera jokatu dute gaur, igandea, Azpeitian, eta lasterketan faborito zirenek eraman dituzte garaikur nagusiak: Joseba Iraolak eta Iñaki Alberdik, hain zuzen ere.

Norma NP01 barketarekin lehiatu da Iraola, eta 02:54:562 denbora eginda, azkarrena izan da lasterketan. Aitor Manso BRB B-49arekin bigarrena izan da (03:09.445), eta Iosu Beitia azkoitiarrak hirugarren postua lortu du (03:14.514), Speedcar GT-1000.arekin.

Turismoetan, Bruno Scherer eta Beñat Poblacion pilotuen arteko lehia espero zen, baina azkenean, Iñaki Alberdi izan da garaile, Porsche GT3arekin. Azpeitiarrak 3:15.473 denbora eginda lortu du garaipena, eta haren atzetik sailkatu dira Población Mitjet V6GT autoarekin (03:17.610) eta Bruno Scherer Porsche GT3arekin (03:21.559), hurrenez hurren.

Hirugarren mailan, Iraitz Olariagak lortu du garaipena Honda Civic autoarekin (03:31.377); laugarren mailan, berriz, Andoni Mugarza izan da azkarrena, Renault Clio Cup autoarekin 03:35.172; bosgarren mailan, Gurutz Agirretxek errezildarra nagusitu da, BMW M3arekin (03:25.070); Iñaki Alberdik, berriz, seigarren mailan irabazi du; Aitor Mansok zazpigarren mailan lortu du garaipena; eta zortzigarren mailan Joseba Iraola izan da azkarrena. FL mailan, berriz, Joxe Labaka gidari azpeitiarrak nagusitu da, Mitsubishi EVO V.arekin (03:24.728).
 
Guztira, 32 auto gidari lehiatu dira Urragiko igoeran, eta antolatzaileen esanetan, "giro oso onean" jokatu dute lasterketa. Zaleek ere "asko gozatu" dute ikusitakoarekin, eta eragozpenik gabe eraman dute aurrera proba. Euskal Herriko zein Gipuzkoako Mendi Igoeren txapelketetarako puntuagarria izan da lasterketa.
 
(Argazkiak: Urtzi Oteiza eta Ruben Montori)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide