Lagun Onaken gizonen eta emakumeen bi talde nagusiek galdu egin dituzte partidak

Anartz Izagirre 2021ko urr. 24a, 16:38

Lagun Onak eta Portugalete taldeen arteko partidako irudi bat.

Erregional mailako emakumeek 4-5 galdu zuten atzo, zapatua, Garmendipen, Beti Gazte taldearen aurka. Hirugarren Mailako mutilen taldeak ere ezin izan du gaur Portugalete mendean hartu, eta 2-1 galdu dute norgehiagoka.

Lagun Onak futbol taldearen bi talde nagusiek ez dute punturik erdietsi asteburu honetan. Alde batetik, Emakumeen Ohorezko Erregional Ligako nesken taldeak 4-5 galdu zuen atzo, zapatua, Beti Gazte taldearen aurka jokatutako partida. Zazpigarren minutuan heldu zen zelaian Beti Gazte taldearen lehen gola, baina etxeko taldeak berehala lortu zuen baloia sareratzea, bederatzigarren minutuan, hain justu. Atsedenaldia baino lehen beste bi gol sartzeko abagunea aprobetxatu zuen kanpoko taldeak, eta markagailua 1-3 zela joan ziren atsenaldira. Partidaren bigarren zatian, berriz, Beti Gazte 2-5 zihoan irabazten, baina etxeko taldeak beste bi gol sartzea lortu zuen; Malen eta Maialen izan ziren goleatzaileak. Azkenean, ordea, Lagun Onakek ezin izan zuen markagailua irauli, eta 4-5 amaitu zen partida.

Hirugarren Mailako mutilen taldeak ere ezin izan du gaur, igandea, aurkaria menderatu. Portugaleteren aurka jokatu du partida etxeko taldeak, eta 32. minutuan iritsi da Portugaleteren lehen gola, S. Garciaren eskutik. Handik pixkatera, 39. minutuan, heldu da Lagun Onaken partidako lehen eta azken gola, Manex Iradiren eskutik. Markagailuan 1-1 zela joan dira bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, etxekoek ez dute baloia aurkariaren atean sartzerik lotu, eta 77. minutuan heldu da Portugaleteren bigarren eta azken gola, berrio ere S. Garciaren eskutik. Horrenbestez, 2-1 galdu dute partida Ander Avellanedaren mutilek.

Hurrengo partida etxean jokatuko dute mutilek, urriaren 31n, igandea, Beti Gazte taldearen aurka. Nesken taldeak, berriz, Bergaran (Gipuzkoa) jokatuko du norgehiagoka, egun berean, Bergara taldearen aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide