Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Bilal Oulad: "Askotan dirua irabazteko zabaltzen dira saltokiak; horrek, ordea, ezin du izan helburua"

Uztarria.eus 2021ko urr. 26a, 15:05

Abuztuan zabaldu zuen Bilal Ouladek Gestion Iparralde etorkinentzako zerbitzuen eta kopia-denda negozioa Azpeitian, eta lehen hilabeteetako balorazio "positiboa" egin du.

Bilal Ouladek (Maroko, 1996) etorkin izatea, gustukoa eta esperientzia batu ditu Azpeitian zabaldu duen Gestion Iparralde negozioan.

Nolakoa izan zen sortze prozesua? Hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Beti izan dut ekintzaile izateko grina. Gainera, Almerian (Espainia) nengoen lanean, programatzaile bezala, eta hango lagun batzuek horrelako negozio bat –kopia-denda eta etorkinentzako zerbitzuak– zuten, eta denbora asko igarotzen nuen haiei laguntzen. Izan ere, ni etorkina izanik, ohituta nengoen zerbitzu horiek kudeatzen. Poliki-poliki esperientzia hartzen joan nintzen, eta baliabide eta bitarteko nahikoa nuela ikusi nuenean, ideiari bueltaka hasi nintzen. Bikotekideari esan nion, eta martxan jarri genuen.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Aurrekontuak egin nituen, gutxi gorabeherakoak noski, baina egunak eta asteak igarotzen zihoazen heinean ohartu nintzen uste baino zailagoa zela. Ustekabeko asko izaten dira, eta hori izan zen frustragarriena. Hori gaindituta, bi egunetan gauzak eginda izango dituzula pentsatzea ere oker handi bat da. Denbora asko eskaini behar zaio.

Iraurgi Berritzenen laguntza jaso duzu. Nola egin zenuen topo garapen agentziarekin?

Eibarko Armeria eskolan egin nituen ikasketak, eta ekintzailetza programa bat zutenez, harremanetan jarri nintzen irakasleekin. Haiek oporretan zeuden, ordea, eta komentatu zidaten Iraurgi Berritzenek zerbitzua bazuela. Horrela jo nuen garapen agentziara. Ikaragarri ikasi dut prozesu horretan.

Espezializazioa etorkinentzat zerbitzuetan jarri duzu, zergatik?

Etorkina naiz ni, nahiz eta hemen hazi naizen, eta gertutik bizi izan ditut etorkinek dituzten arazoak eta oztopoak. Bertan hezitakoa izanik, etorkinek asko jo izan dute laguntza eske nigana, eta horrek eskarmentu handia eman dit. Formazioaren benetako beharra dago erakundeetan, asko ez daude prestatuta etorkinei azalpenak eskaintzeko; etorkinak ulertzeko gaitasuna falta zaie, eta etorkinak ere, sarritan, ez daude prestatuta. Oso galduta egoten dira. Beharra dago, eta irtenbidea eman nahi diot.

Zertan datza zuk etorkinei eskaintzen diezun zerbitzua?

Erakunde eta instituzio desberdinetara joatean, horiek eskain ditzaketen zerbitzuak zeintzuk diren agertzen diet eta bestelako izapideak betetzen ere laguntzen diet, hala nola herritartasuna edota abokatu kontuak eramaten ditut. Abuztutik zabalduta dut negozioa.

Zer moduz doaz lehen hilabete hauek?

Egia esan, oso gustura nago, etorkinentzat zerbitzuen arloa hasieratik joan zen ondo. Ahoz aho zabaldu da etorkinen artean, eta oso gustura gaude. Kopia-denda, aldiz, zailagoa izaten ari da. Izenaren garrantziak pisu handia duela uste dut: Gestion Iparralde da izena, eta herritarrek horri bakarrik begiratzen diote. Hau da, nahiz eta kopia-dena ere ikus daitekeen, zerbitzuen sailarekin bakarrik gelditzen dira, eta ez dira sartzen kopiak egitera. Horregatik, izenaren eta lokalaren antolaketan aldaketak egitea pentsatzen ari naiz, baina hori aurrerago izango da.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Lana egiteagatik dirua irabazten badut ere, norbaiti laguntzeak ematen didan asetzea eta poztasuna handiak dira. Askotan etsita sartzen dira atetik, eta duten arazoari irtenbidea ematen badiot, oso ederra da sentitzen dudana. Kopia-dendara etortzen bada norbait, gustura gelditzen da zerbitzuarekin, beste dendetan baino merkeago egiten dugulako, baina behar duenari laguntzeak ematen duen sentsazioa desberdina da; gusturago joaten zara etxera. Ordu asko sartzen ditut lanean, ia egun osoa igarotzen dut bulegoan, baina, aldi berean, askatasun gehiago ere badut. Besterentzat lana eginez gero, jai egunak eskatu behar izaten dituzu, baina negozioa neurea izatean, ni naiz erabakiak hartzen dituena, eta ondo antolatuz gero, ez dut inongo arazorik. Alde txarra, lanetik ezin deskonektatu izana da. Zaila egiten zait hori.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Duela hilabete batzuk, agian, profesionaltasuna esango nizukeen, baina orain ez zait garrantzitsuena hori iruditzen. Egokitzen jakin behar duen pertsona da, gauza berriak iritsiko zaizkio eta ikasi egin beharko du. Profesionalen sare zabala edo harremana izatea ere garrantzitsua da. Eta nola ez, gogoa izatea eta irekia izatea, ideia eta moda berrietara egokitzeko. Hau da, dena dakizula uste baduzu, ez zaizu ondo joango. Horiek dira funtsezko puntuak.

Eta aholkurik emango al zenioke ekintzaileari?

Bi aholku emango nizkioke: denbora ez dela garrantzitsua eta ideia argi izatea. Azkartasuna baino garrantzitsuagoa da negozioa zergatik nahi duzun zabaldu jakitea. Askotan dirua irabazteko zabaltzen dira saltokiak; horrek, ordea, ezin du izan helburua. Ideiak edota ideia onak eramango zaitu lan asko egitera eta dena ondo joatera. Horrekin lotuta, ikasketak izatea, jakinduria edukitzea, ere oinarrizkoa iruditzen zait.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide