Sarralle industria ingeniaritzako enpresak Urola Talent egitasmoa jarri du martxan, Urola eskualdeko ingeniaritzako ikasleen gradu amaierako eta master amaierako proiektu onenak saritzeko. Sarralleko edozein ingeniaritza-departamentutan egindako lanak dira baloratuko eta sarituko dituztenak.
Beste hainbat baldintza ere bete beharko dituzte egitasmora aurkezten diren gazteek. Hain zuzen, Urola Talenten parte hartzeko ezinbestekoa izango da karrera osoa gaindituta izatea –gradu amaierako edo master amaierako proiektuaren faltan–, eta ingeleseko B2 maila edukitzea. Master amaierako proiekturik onenak 5.000 euroko dirusaria jasoko du, eta enpresan kontratatua izateko aukera. Gradu amaierako lanik onenak, berriz, 2.000 euroko saria jasoko du, baita kontratua izateko aukera ere, betiere irabazleak ikasten jarraitzea erabakitzen ez badu.
Egitasmoan izena emateko epea martxoaren 15ean itxiko da. Proposatutako proiektu horietatik hamar aukeratuko dituzte. Hamar lan horiek 2022ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira Sarralleko giza baliabideen sailean, eta, ondoren, Sarralleko epaimahai baten aurrean aurkeztu beharko dira, 2022ko iraila baino lehen.