39. Euskal Antzerki Topaketak

Gaur hasiko dira 39. Euskal Antzerki Topaketak

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 28a, 10:31

Jon Ander Alonso aktorea, Ze Ondaren 'Tempus Fugit' antzezlanean. (Kulturaz)

Ze Onda antzerki taldeak Tempus Fugit lana taularatuko du, 19:00etan, Soreasu antzokian. Astelehenera bitartean beste lau antzezlan ikusteko parada izango da Topaketen lehen asteburu luzean.

Urriaren 15ean Atx Teatroaren Lubaki lainotsua emanaldiarekin aurkeztu ondoren, gaur hasiko da 39. Euskal Antzerki Topaketen maratoia. Azaroaren 14a bitartean, hamahiru antzezlan eta beste zenbait hitzoerdu eskainiko dituzte Topaketek.

Lau antzerki obra estreinatuko dituzte Azpeitian aurtengo edizioaren barruan, eta estreinaldi batekin hasiko dira gaur, hain zuzen, lehen asteburu luzearen emanaldiak. Ze Onda antzerki taldeak Tempus Fugit lana taularatuko du, 19:00etan, Soreasu antzokian; Azpeitian eginiko sormen egonaldian ondutako lana da Tempus Fugit.

Bihar, Artedrama arte eszenikoen plataformaren Amua ikusteko aukera izango da Soreasun, hori ere 19:00etan hasita. Zapatuan, berriz, haurrentzako aurtengo lehen hitzordua iritsiko da: Zuhaitzak landatzen zituen gizona lana eskainiko du Gorakada Teatroak Soreasun, 17:00etan hasita. Igandean iritsiko da bigarren estreinaldiaren txanda. Kamikaz kolektiboaren eta Ttak Teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi taularatuko dute Erika Olaizola azpeitiarrak, Amancay Gaztañagak eta Iraia Eliasek, 19:00etan hasita, Soreasun.

Azaroaren 1eko jaiegunean, berriz, herriko plazara irtengo dira Euskal Antzerki Topaketak; Xabier Larreak Up! ikuskizuna eskainiko du han, 13:00etan hasita. Bestetik, Santu Guztien egunean irekiko du Corrado Masaccik txotxongiloen erakusketa Foru Ibilbideko udal aretoan.

Antzezlan guztietarako sarrerak aurrez eros daitezke kulturaz.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide