3x3 Futbol Festako partidak lekuz aldatu dituzte

Andoni Elduaien 2021ko urr. 28a, 12:23

Oteiza pilotalekuetan jokatuko dituzte futbol partida guztiak. Eguraldiaren iragarpena kontuan hartu dute antolatzaileek erabakia hartzerako orduan. Era berean, gaur, osteguna, Azpeitiko eta Azkoitiko parte hartzaileek festan jantzi beharko dituzten elastikoak hartu beharko dituzte Azkoitiko Kontzejupean.

Larunbatetik astelehenera bitartean jokatuko dute Azkoitian (Gipuzkoa) haurren 3×3 Futbol Festa. Hasiera batean, herriko plaza nagusian jokatu behar zituzten futbol partida guztiak, baina festa Oteiza pilotalekuetara lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek. Haiek jakinarazi dutenez, datozen egunetako eguraldi iragarpenak eragina izan du erabakian. “Parte hartzaile guztien ongizatean pentsatuta erabaki dugu ekitaldia lekuz aldatzea. Euria egitea aurreikusita dagoenez, partidak Oteiza pilotalekuetan jokatuko dira; leku itxia da, eta horrela, pentsatzen dugu parte hartzaileek nahiz laguntzaileek festaz gozatu ahal izango dutela”.

Era berean, 3×3 Futbol Festako antolatzaileek parte hartzaileei gogorarazi die, igande goizaldean ordua aldatuko dela. “Gurasoek gogoan izan behar dute ordu aldaketa, ezinbestekoa baita txapelketak ondo funtziona dezan ordutegiak eta ekitaldiaren funtzionamendua errespetatzea”.

Elastikoak jasotzeko, gaur

Futbol festan aritzeko izena eman duten Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek kamisetak jasotzeko aukera izango dute gaur, urriak 28, Azkoitiko Kontzejupean; 17:00etatik 18:30era bitartean jaso ahalko dira elastikoak. Gainerako herrietako parte hartzaileek ere izango dute aukera egun horretan, baina horiek kamisetak lehen partida egunean jasotzeko aukera ere izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide