Gazte Altxa! taldeak bi eguneko musika jaialdia antolatu du, eta gaur, zapatua, ekin diote egitarauari. Hori dela eta, musikaz bete da Frontoi Txikia, eta jende ugari bertaratu da zuzenekoez gozatzera. Kontzertuak 18:30ean hasi dira, eta Errietan musika taldea izan da oholtzara igotzen aurrena. Giroa berotuta, 20:30 aldera Azpeitiko Leherkaitz musika taldeko gazteen txanda izan da. Aldarriz betetako doinuak eskaini ditu Leherkaitzek, eta giro ederra sortu da zuzenekoak iraun duen bitartean. Horiez gain, Iheskide eta Stepi Selektah taldeen doinuez gozatzeko aukera izango dute gaur Frontoi Txikira bertaratzen direnek.
Bihar jarraituko dute egitarauarekin. Hain zuzen, Andoni Oilokiegi, Burutik, Lukiek eta Laket taldeak izango dira Frontoi Txikiko agertokian, 18:30etik aurrera. Sarrera doakoa izango da.
Hona hemen, jaialdiaren atarian Gazte Altxa!-ko kideei uztarria.eus-ek egindako elkarrizketa.