Partida eskasa jokatu du Lagun Onakek Beti Gazteren kontra

Nerea Uranga 2021ko urr. 31a, 13:09

Lagun Onak eta Beti Gazte, atzo Garmendipen. (Argazkia: Nerea Uranga)

Berdinketarekin bukatu zen Lagun Onakek eta Beti Gaztek atzo, zapatua, jokatutako neurketa.

11. jardunaldia jokatu zuen atzo, arratsaldean, gizonezkoen futboleko Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakek Beti Gazteren kontra. Eskas aritu ziren Azpeitiko futbol taldeko mutilak, eta binako berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Partida hasi orduko, bi minutura, lehen gola sartu zioten aurkariek. Ordu laurden behar izan zituzten Lagun Onakekoek partidan sartzeko, eta hortik aurrerako hogei minutuetan nahiko ondo aritu ziren, eta beste gol aukera bat ere izan zuten. Hala ere, 1 eta 2 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian ere aurkaria etxeko taldea baino hobeto aritu zen jokoan, eta Lagun Onaki partidan murgiltzea kostatu egin zitzaion. Partida bukatzeko hamar minuturen bueltan, bigarren gola lortzea sortu zuen Lagun Onakek; Xabi Geretak erdiratu, eta Jagoba Erdoziak sartu zuen gola kontrakoen atean.

Sailkapen orokorrean atzealdean dago Lagun Onak, hortik ezin gora eginda. Hamazazpigarren postuan dago, 11 punturekin. Haren aurretik Amurrio dago, hau ere 11 punturekin, eta atzetik, hamazortzigarren, Beti Gazte 8 punturekin, hemeretzigarren Tolosa (6 puntu) eta azkena Uritarra (4 puntu). Sailkapeneko aurreko muturreko aurreneko hiru postuetan daude, hurrenez hurren, Alaves B (24 puntu), Durango (22 puntu) eta Anaitasuna (21 puntu).

Hurrengo jardunaldia etxetik kanpo jokatuko du Lagun Onakek Basconiaren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide