Loitegik eta Barrenetxea IV.ak irabazi dute Azpeitiko Erremonte Txapelketa

Nerea Uranga 2021ko urr. 31a, 14:39

Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketako finala jokatu duten erremontistak Azpeitiko Udaleko zinegotziarekin. (Argazkia: Maialen Andres))

Azpeitiko XXI. Erremonteko Txapelketako irabazleak atzo erabaki ziren Izarraitz pilotalekuan. 40-30 eginda, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak irabazi zuten Ansa II.aren eta Martirenaren kontrako finala.

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko harmailak erremontearen zaleak bildu zituen atzo, 22:00etatik aurrera. Izan ere, Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketaren irabazleak erabakitzeko finala jokatu zen. Azken txapelketa hau modu berezian antolatu du Oriamendik, eta txapelketan parte hartu duten bikoteek herriko hainbat elkarteren izenean jokatu dute. Gainera, atzoko erremonteko jardunaldian, hainbat afari eta kamiseta zozkatu zituen Oriamendik zaletuen artean.

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida Goikoetxea V.ak eta Zubirik Urrutia II.aren eta Larrañagaren kontra jokatu zuten. 28ra tantora arte nahiko berdinduta ibili ziren bi bikoteak, baina bukaeran txapelketako hirugarren tokia Urrutia II.ak Larrañagak osatutako bikotearentzat izan zen; 40 eta 37 irabazi zuten partida.

Argazkia: Maialen Andres.

Txapeldunak erabakitzeko finala Loitegik eta Barrenetxea IV.ak Ansa II.aren eta Martirenaren kontra jokatu zuten. Kasu honetan, tantoen alde handiagorekin irabazi zuten partida Loitegik eta Barrenetxea IV.ak; 40 eta 30 eginda. 23 tantotan berdintzera iritsi artean, markagailuan txandaka ibili ziren bi bikoteak aurretik; hortik aurrera, ordea, txapeldunak aurrea hartzen joan ziren apurka-apurka. Bikote irabazleak Ilunpe elkartearen izenean jardun du txapelketan eta txapeldunordeak Zokoa elkartearenean.

Argazkia: Maialen Andres.

Txapelketako erremontista onenaren saria Barrenetxea IV.ak jaso zuen, Epi kristaldegia enpresako ordezkariaren eskutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide