Jonathan Terron, Espainiako Jiu-jitsu txapelketara

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 1a, 16:29

Azpeitiko bizilagunak atzo jokatu zuen Espainiako Jiu-jitsu txapelketarako sailkapen proba Eibarren. Bigarren postua eskuratuta, azaroaren 20 eta 21ean Madrilen jokatuko den txapelketan izango da Terron. 

Jonathan Terronek Espainiako Jiu-jitsu txapeketarako txartela eskuratu du. Atzo, igandea, jokatu zuen sailkapen proba Eibarko Jiu-jitsu Kopan, hain zuzen, 85 kilo azpikoen mailan eta Ne-waza modalitatean. Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua kiroldegian izan zuen hitzordua Terronek, eta bigarren sailkatzea lortu zuen. Azpeitiko Condor klubeko jiujitsulariak azaldu duenez, "maila handiko" proba izan zen atzokoa, eta borroka "gogorra" izan zela aitortu du. Finalean bi punturen aldea atera zion aurkariak, eta finalak ihes egin zion Terroni, podiumean bigarren sailkatuz.  Hala ere, egindako lanarekin "gustura" gelditu dela adierazi du. 

Maila internazionaleko hitzordua izan zen atzokoa, eta podiumean sailkatutako hiru borrokalariek eskuratu zuten Espainiako Jiu-jitsu Txapelketarako txartela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide