Amundarainek eta Soroak irabazi dute Izar Berriak aizkolari txapelketa

Andoni Elduaien 2021ko aza. 1a, 20:32

Rodriguezek eta Basozabalek irabazi dute Azpeitiko jardunaldia, baina bikotea ez da gai izan Amundarainek eta Soroak Basaurin lortu zuten errenta iraultzeko.  

Herri kirol jaialdia izan da gaur, astelehena, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aizkolariak, harri-jasotzaileak zein trontzalariak izan dira protagonista. Batetik, Izar Berriak aizkolari txapelketa berriaren bigarren eta azken jardunaldia jokatu dute; eta bestetik, Binakako Harrijasotze Txapelketaren nahiz Emakumeen Trontzalari Txapelketaren bigarren jardunaldiak.

Basaurin (Bizkaia) jokatu zuten Izar Berriak txapelketaren lehen jardunaldia, eta gaur, Azpeitian jokatu dute bigarrena eta azkena. Bi jardunaldietako denborak kontuan hartuta, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa izan dira txapelketako irabazleak. Hala eta guztiz ere, Azpeitiko jardunaldia Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariek irabazi dute; izan ere, bikoteak 17 minutu eta 4 segundo behar izan ditu gaur lanak amaitzeko. Amundarainek eta Soroak, berriz, sei segundo gehiago –17 minutu eta 10 segundo– behar izan dituzte gaur. Azpeitiko eta Basaurko lanetako denborak batuta, Amundarainek eta Soroak 32 minutu eta 8 segundo behar izan dituzte; Rodriguezek eta Basozabalek, berriz, hogei segundo gehiago –32:28– behar izan dituzte.

Txapeldunez eta txapeldunordeez gain, beste lau bikotek ere parte hartu dute txapelketan: Hodei Ezpeletak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak –hirugarrenak, 33:37–, Oier eta Xuban Kañamaresek –laugarrenak, 35:09–, Julen Olanok eta Julen Gabirondok –bosgarrenak, 36:24– eta Joxean Etxeberriak eta Axel Larrañagak –42:16– . 

Harri-jasotzea eta trontza

Binakako Harrijasotze eta Emakumeen Trontzalari txapelketen bigarren jardunaldiak ere jokatu dituzte gaur Azpeitian. Harri-jasotze txapelketan Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza nagusitu dira Azpeitian. Bikote irabazleak 11.664 kilo altxatu ditu Izarraitzen, eta Beñat Telleriak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak osatutako bikoteak 11.039 kilo. 150 kiloko laukizuzena, 125 kiloko kopa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu dituzte laurek txanda ezberdinetan.

Emakumeen Trontzalari Txapelketan, berriz, Maria eta Ainhoa Iraizoz aritu dira alde batetik, eta bestetik, Uxue Rodriguez eta Nerea Uharte. Iraizoztarrek 10 minutu eta 5 segundo behar izan dituzte 36 ontzako enborra hamasei aldiz mozteko. Rodriguezek eta Uhartek, berriz, 11 minutuan amaitu dute lana.

Argazkiak: Ibon Errazu

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide