Azaroan sartuta, hilaren 25erako atzera kontaketa hasi da. Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da, eta horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Emakumeen Mahaiak datozen asteetarako. Horietako bat da gaur ireki duten Emakume anitzen borrokak izeneko erakusketa.
Cristina Chiquin Rodriguez argazkilari eta kazetari guatemalarraren lana da Emakume anitzen borrokak izeneko proiektua, eta bertan Guatemalako hainbat eta hainbat emakumeren bizipenak, esperientziak eta borrokak jaso ditu Chiquinek. Argazkietatik abiatuta, emakumeen eguneroko bizipenak kontatu ditu irudiei laguntzen dieten hitzetan. Erakusketa ikusgai izango da azaroaren 30a bitartean.