Ohiko jardunarekin, ostiralean zabalduko ditu berriz ere ateak Sanjuandegiko Baigerak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 3a, 15:52

Baigerako eta udalako kideak, Sanjuandegiko lokalaren atarian. (Azpeitiko Udala)

Bihar, osteguna, ate irekiak egingo dituzte, 19:00etatik 20:00etara bitartean. Ostiralean, berriz, ohiko jarduna eskainiko dute, 10:00etatik 22:00etara bitartean. Asteartetik igandera, kafetegi zerbitzua ez ezik, gosariak, hamaiketakoak, bazkariak nahiz afariak eskainiko dituzte bertan. 

Bihartik aurrera, ohiko jarduerarekin zabalik izango da Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkartearen Sanjuandegiko lokala, eta beraz, kafetegi zerbitzua ez ezik, gosariak, hamaiketakoak, bazkariak nahiz afariak eskainiko dituzte bertan. Udalak martxan jarritako lehiaketa publikoa Dima Santos Labakak irabazi du, eta beraz, hark kudeatuko du Baigera II egoitza aurrerantzean.

Bihar, ostegunarekin, ate irekiak egingo dituzte, 19:00etatik 20:00etara bitartean. Ostiralean, berriz, ohiko jarduna eskainiko dute Baigera IIan. Horrenbestez, 10:00etatik 22:00etara bitartean izango da irekita asteartetik igandera bitartean; astelehenetan, berriz, itxita egongo da.

Udalak azaldu duenez, inguruaren eta ekipamenduaren ezaugarriekin bat datorren zerbitzua eskainiko dute Baigera IIan, eta bezeroei euskaraz eskainiko diete arreta han. Gainera, bertako produktuekin osatu beharko dute jatetxeko eskaintza, eta adinekoei Baigera elkarteko zuzendaritzak ezarritako tarifa berezia aplikatu beharko diete.

Horrez gain, erakundeak azaldu duenez, adin txikikoei ezingo diete alkoholdun edaririk saldu lokal horretan, eta ezingo da erre han. Besteak beste, prezioen zerrenda nahiz lizentzia ikusgai eta erreklamazio orriak herritarren eskura izan beharko dituela ere gogorarazi du erakundeak.

Joan zen ekainaz geroztik adinekoentzat bilgunea izan da Sanjuandegiko Baigera; izan ere, adinekoek elkartzeko gune bat izan zezaten lokal hori zabaltzea erabaki zuen udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide