Bukatu dituzte Elosiagan, Izarraitzen nahiz Aratzerrekan hainbat baserri bide konpontzeko lanak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 4a, 11:58

Hainbat behargin Azkune Behekoa eta Erlo arteko errepidea asfaltatzen. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak hainbat baserri bide konpondu ditu azken aldian Elosiaga, Izarraitz nahiz Aratzerreka auzoetan. Erakundeak jakinarazi duenez, aste honetan bertan bukatu dituzte Izarraitzeko nahiz Aratzerrekako lanak. Izarraitzen Azkune Behekoa baserritik Erlora arteko errepidean egin dituzte hobekuntzak, eta Aratzerrekan, berriz, zerrategiaren eta Arlizeta Goikoa baserriaren artean. Gainera, Abitain, Alabier eta Urreta baserrien nahiz Etxe Alai auzoaren arteko errepidean asfaltatze obrak egin dituzte, eta Elosiagan, berriz, Larrañaga eta Elorri arteko bidea egokitu dute.

Obra horiek guztiak egiteko 229.116,36 euroko inbertsioa egin du Azpeitiko Udalak. Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako batzordeburuak azaldu duenez, "garrantzi berezia" ematen dio erakundeak baserri bideen konponketari. "Urtez urte diru partida bat jartzen dugu landa eremuko errepideak konpontzeko. Izan ere, herritarren segurtasuna bermatzea eta irisgarritasuna ahalbidetuz bizi kalitatean eragitea ditugu helburu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide