Etxebizitza turistikoak

Bakarne Zabala: "Nire sentipena da geroz eta etxe turistiko gutxiago egongo direla, Ogasunak presio handia sartzen dielako"

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 18a, 12:07

Bakarne Zabala eta Maider Etxabe Egonako kideak.

Zarauzko Egona enpresako arduradunetako bat da Bakarne Zabala. Maider Etxabek eta biek hainbat etxebizitza turistiko kudeatzen dituzte, eta horiez gain, baita landetxe bat eta beste zenbait apartamentu turistiko ere. Bost urte daramatzate horretan; esperientzia badute, beraz.

Nolakoa da zuek kudeatzen dituzuen etxejabeen profila?

Hamabost bat etxebizitza turistiko, hainbat apartamentu eta Aiako Landarbide landetxea kudeatzen ditugu. Etxeak eta apartamentuak Getarian, Zarautzen eta Orion ditugu. Guk dauzkagun etxe gehientsuenak, %90 inguru, bigarren etxebizitzak dira; hau da, jabeak etxebizitza hori erabili egiten du. Urtearen hasieran esaten digu noiz erabiltzeko asmoa duen etxea.

Zer da errentagarriagoa jabeentzat, epe luzeko alokairua ala epe motzekoa?

Bilatzen dutena errentagarritasun ekonomikoa bada, Zarautzen eta Orion alokairu turistikoa ez da egokiena. Epe luzerako alokairuak diru gehiago ematen du; hasi azarotik eta apiril aldera arte ez da egoten mugimendu handirik.

Hortaz, zergatik egiten dute hautu hori?

Gehienetan, jabeak erabili egiten duelako etxe hori. Beste batzuek, etxea erabili behar ez duten arren, ez dute konprometitu nahi bost urterako etxea alokatzearekin.

Zer zerbitzu ematen diezue etxejabeei?

Jabe gehienak Zarauztik kanpo bizi direnez eta guk etxeko giltzak izaten ditugunez, urtean zehar etxe horien mantenuaz arduratu behar izaten dugu.

Eta zer zerbitzu ematen dizkiezue etxeak alokatzen dituztenei?

Ahalik eta zerbitzu osoena ematen saiatzen gara, eta bestalde, Zarautzekin eta zarauztarrekin elkarlanean jardun nahi dugu, saiatu herrira jendea ekartzen eta bisitari leial bihurtzen, hori ona baita bai guretzat, bai herriarentzat.

Zein da zuen etxeen bisitarien profila?

Gehienak penintsulakoak izaten dira, baina 2019an nazioartekoak ere hasi ziren etortzen. Etxebizitzetara gehienbat familiak etortzen dira, eta apartamentuetara, bikoteak, txikiagoak izaten direlako. Gazteak ere etorri dira. Guk arau batzuk jartzen ditugu, eta denek errespetatu behar izaten dituzte. Errespetatzen ez dituztenean, bizilagunek deitzen digute, eta guk bitartekari lanak egiten ditugu; ez zaigu askotan gertatu izan, baina pasa izan da. Ahalegina egiten dugu alde guztiak gustura egon daitezen. Badaukazue webgune propioa.

Interneteko plataformetan ere sartuta al zaudete?

Bai; Airbnb, Booking, Vrbo, Escapada Rural eta horrelako plataformetan egon beharra daukagu, sekulako erakusleihoa direlako.

Zer nolako harremana duzue hotelekin?

Zarautzen bilerak-eta egiten ditugunean geu joaten gara, eta hotel batzuen jabeak ere han izaten dira. Grazia handirik ez diete egiten, eta normala iruditzen zait. Gauza bera gertatzen zaie duela bost bat urte lehendabiziko apartamentu turistikoak martxan jarri zituztenei ere. Ikusten ari dira orain zenbat apartamentu ari diren zabaltzen, eta galdetzen dutena da udalak noiz egingo duen planto.

Horrenbeste ari al dira ugaritzen apartamentu turistikoak?

Azkeneko bi urteotan hazkunde izugarria egon da; nik ez dakit guztiontzat lanik egongo den ere. Esaten dute Zarautzek oraindik gehiago ere har ditzakeela; agian udan bai, baina neguan, zer?

Eta etxe turistikoetan zein da joera?

Nire sentipena da geroz eta gutxiago egongo direla, Ogasunak presio handia sartzen dielako. Jabe batzuek esaten dute guri ordaindu behar digutenarekin —erreserba bakoitzeko komisioa kobratzen diegu, bestela ez— eta Ogasunak kentzen dienarekin, ez dakitela merezi dien ere.

Nolako uda aurreikusten duzue?

Iazko maiatzean esan izan balidate uda hartan nola lan egingo genuen, ez nukeen sinetsiko. Oso ondo lan egin genuen, batez ere landetxeekin; orduan bi genituen. Apartamentuak ere joan ziren betetzen, baina batez ere azken orduko erreserbekin, egun batetik bestera, eta egonaldi motzekin, bi gautarako eta. Guretzat udan hiruzpalau gautarako erreserbak izaten dira egokienak, hortik beherakoek lan asko eskatzen baitute. Aurten, berriz, dagoeneko abuztua beteta daukagu, batez ere etxebizitzetan. Eta egonaldiaren iraupenak luzatzera egin duela dirudi. Astebeterako eta bi asterako erreserbak dira gehienak, eta zenbaitek hilabeterako ere galdetu digu. Nik uste jendeak etxetik ateratzeko beharra eta gogoa daukala, baina ez duela edozein tokitara joan nahi, leku eroso eta seguruak nahi dituela, eta etxebizitzek aukera hori ematen dute. Gehienak aurretik gurean egonaldia egindakoak dira, gainera, konfiantza ematen diegun seinale; hori oso ona da guretzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide