Etxebizitza turistikoak

"Herritarren beharrak lehenetsi behar dira turisten eta etxejabeen interesen gainetik"

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 18a, 12:07

Zumaiako Gazte Asanbladako kideak.

Haritz Egiguren eta Josu Lizeaga Zumaiako Etxebizitza Asanbladako kideak dira. Duela urtebete inguru sortu zuten asanblada, herriko gazteek emantzipatzeko dituzten arazoez ohartuta. Jopuntuan jarri dituzte etxe turistikoak.

Duela urtebete inguru sortu zenuten Zumaiako Etxebizitza Asanblada. Gazteen artean galdeketa bat egin zenuten aurrena. Zer helbururekin?

Haritz Egiguren.: Inkesta egin genuen herriko egoeraren argazki bat eduki nahi genuelako; datuak bildu nahi genituen eta gazteek zer iritzi zeukaten jakin.

H. E.: Adibidez, jakin ahal izan genuen Zumaian emantzipatzeko batez besteko adina 30 urte dela, guk nahiko genukeena baino altuagoa.

Zumaiako gazteek zer nolako zailtasunak topatzen dituzte emantzipatzeko garaian?

Josu Lizeaga: Oztopo nagusia da, herrian etxe huts pila dauden arren, epe luzerako alokatzeko etxebizitzarik ez dagoela. Izan ere, alokagai dauden etxebizitza ia guztiak turistikoak dira.

H. E.: Gainera, epe luzerako alokagai dauden gutxi horiek oso garestiak dira. Gurasoen etxetik alde egiteko modu bakarra da beste herriren batera joatea, edo etxea lagunekin partekatzea.

Nola eragiten dute etxebizitza turistikoek?

J. L.: Etxejabeentzat errentagarriak dira, turistei epe motzerako alokatuta askoz diru gehiago ateratzen dutelako herriko gazteoi epe luzerako alokatuta baino. Epe luzerako eskaintza oso gutxi dagoenez, eskari handia dago.

Urtebete honetan zertan jardun duzue?

H. E.: Galdeketan bildu genituen datu adierazgarri batzuk erabiliz moskeo kanpaina bat egin genuen, eta handik hilabetera batzar irekia antolatu genuen; jende dezente elkartu zen. Orduan hasi ginen gure lan ildoak zehazten.

J. L.: Herriko egoeraren azterketa egin genuenean, gazteok emantzipatzeko ditugun oztopoetako bat direla ikusi genuen. Hori dela eta, interesgarria iruditu zitzaigun herritarrei horren berri ematea, eta horretarako, herriko etxebizitza turistikoak seinalatzea erabaki genuen.

Udalarekin harremanik baduzue?

H. E.: Bai, eta udalak proposatu zigun etxebizitzen gaia lantzeko mahai bat sortzea, baina oraindik airean jarraitzen du asmoak.

J. L.: Erakunde publikoen babesa ezinbestekoa izango zaigu herrian zerbait aldatu nahi badugu.

Aurrera begira zer asmo dituzue?

J. L.: Uda gainean dugu, eta berriz ere saiatuko gara etxebizitza turistikoen gaiaren inguruan zerbait egiten, baina oraindik zehaztu gabe daukagu zer egingo dugun.

Zer irtenbide proposatzen duzue?

J. L.: Guretzat onena den irtenbidea ez da egingarria, eta beraz, erdibideko irtenbide bat topatzen saiatu beharko dugu. Aukera bat litzateke baimenik ez ematea etxebizitza turistiko gehiago martxan jartzeko. Hori planteatu genion udalari, baina oso zaila dela erantzun zigun, etxejabeek udalaren erabakiari helegitea jartzeko eskubidea dutelako, eta epaileek normalean arrazoia etxejabeei ematen dietelako; Donostia da horren adibidea. Udalek badute eskumena etxebizitza turistikoen inguruko araudi propioak egiteko, eta araudi egoki bat egitea izan liteke irtenbidea.

H. E.: Alegia, udalak arrazoiketa ona egitea litzateke gakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide