V. Irudhitzen lehiaketa

Astebete luzatu da Irudhitzen lehiaketara lanak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2021ko aza. 5a, 15:30

Gaur zortzi, azaroaren 12an, amaituko da argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketara lanak aurkezteko epea. Gaur zen berez bukatzekoa, baina astebete luzatzea erabaki du Uztarriak.

Gaur zortzira arte, azaroaren 12ra arte, luzatu du Uztarria Komunikazio Taldeak V. Irudhitzen lehiaketara lanak aurkezteko epea.

Argazkilaritza eta literatura uztartzen ditu Uztarriak duela bost urte martxan jarritako egitasmoak. Herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatera animatzea eta haiek argazkiekin eta testuekin jolastuz irudimena dantzan jartzea da Irudhitzenen lehen helburua. Ondoren, lehiaketan bildutako irudiekin eta testuekin, 2022ko egutegia kaleratuko du Uztarriak.

Aurtengo egitasmoak berrikuntza nabarmena du: orain arteko edizioetan bi azpi lehiaketa antolatu dira –irudien lehiaketa batetik, eta testu laburrena bestetik–; aurtengoan, aldiz, parte hartzaileek argazkia eta testua, biak, bidali beharko dituzte. Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia eguneroko bizitza da. Beraz, argazki lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek gai horrekin era batera edo bestera lotura duten irudiak eta testuak aurkeztu beharko dituzte. Testuak, gehienez, 450 karaktere izango ditu, zuriguneekin.

Lehiaketaren oinarriak

  • Gaia: Eguneroko bizitza
  • Zuri-beltzean nahiz koloretan ateratako argazkiak bidal daitezke. 
  • Irudiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute. 
  • Ezinbestekoa da argazkiak horizontalak izatea eta JPG formatuan aurkeztea. 
  • Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake gehienez. 
  • Irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute argazkiek.
  • Argazkiak lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali beharko dira, IRUDHITZEN LEHIAKETA gaia jarrita, azaroaren 12a bitartean. 

Lehiaketaren epaimahaia Urolako Komunikazio Taldeko kideek osatuko dute, eta irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide