Koronabirusak eragindako iazko etenaren ostean, festak itzuli dira, eta Lasaoko sanmartinak dira bailaran ospatzen hasi diren lehendabizikoak. Gaur, bertako nekazal produktuen eta abereen azokarekin hasi dira Lasaon aurtengo festak ospatzen; hilaren 11tik aurrera berrekingo diote egitarauari.
Urtero legez, sasoiko barazkiak, sagarrak, gozoak eta beste hainbat produktu erakusgai, salgai eta dastagai izan dira pilotalekuan gaur goiz-eguerdian, baita auzoko baserrietako hainbat abere ere. Azokaren eta soziedadearen artean, dozenaka lagun ibili da gaur eguerdian Lasaon festen itzulera ospatzen. Auzoko trikitilari gazteak eta bertako erraldoiak eta buruhandiak ere hara eta hona ibili dira eguerdian, festa giroa borobilduz.
Haurrak eta gaztetxoak izango dira, hain zuzen ere, arratsaldeko nagusiak. Auzo elkartean bazkaldu ondoren, 16:00etatik aurrera beraientzako puzgarriak egongo dira frontoian, eta 17:00etan txokolate jana ere bai.