Etxean hiru puntu, kanpoan batere ez

Julene Frantzesena 2021ko aza. 8a, 08:00

Lagun Onakeko emakumeen taldeko hasierako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeak hiru puntu eskuratu zituen atzo Garmendipen, Tolosa 3 eta 0 mendean hartuta. Gizonen lehen taldeak, berriz, ezin izan zuen garaipena lortu; 3 eta 1 galdu zuen etxetik kanpo, Baskoniaren kontra.

Asteburu gazi-gozoa izan da joan dena Lagun Onak futbol taldearentzat. Izan ere, emakumeen lehen taldeak garaipena lortu zuen atzo, igandea, etxean; gizonek, berriz, ezin izan zuten punturik eskuratu Baskoniaren kontrako neurketan.

Unai Urbizuk zuzentzen duen emakumeen taldeak Tolosa izan zuen atzo aurrez aurre Garmendipeko zelai artifizialean, eta aise gailendu zen etxeko taldea. Lehen gola Izarok sartu zuen 18. minutuan; bigarrena, Nahiak 67. minutuan; eta hirugarrena Norak, partidaren hondarrean, 83. minutuan. Horrenbestez, hiru puntu eskuratu zituzten emakumeek.

Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak, berriz, Baskoniaren kontra neurtu zituen indarrak atzo arratsaldean, Basaurin (Bizkaia). Norgehiagoka ondo hasi zuten Ander Avellanedak gidatzen duen taldeko mutilek; hain zuzen ere, Olaizolak sartu zuen Azpeitiko taldearen lehen gola. Partida goitik behera irauli zen, baina, atsedenaren ostean. Gerenabarrenaren gol batek eta Sainzek bik garaipena eman zioten Bizkaiko taldeari. Lagun Onak jaitsiera postuetan da gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamazazpigarren postuan, 11 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide