Zabalik dago Urteko Kirolaria saria jasotzeko hautagaien proposamenak aurkezteko aukera

Anartz Izagirre 2021ko aza. 9a, 10:00

2019. urteko Kirol Sarietako taldeko argazkia.

Abenduaren 18an izango da Kirol Sarien ekitaldi nagusia, eta azaroaren 18ra bitartean izango da Urteko Kirolaria saria eskuratzeko hautagaiak aurkezteko aukera. Botoa emateko epea, berriz, azaroaren 19tik 29ra bitartean ezarriko dute.

Urtebeteko etenaren ostean, bueltan dira Azpeitiko Udalak eta eta Kirol Mahaiak antolatzen dituzten Kirol Sariak, eta elkarteek nahiz norbanakoek azaroaren 18ra bitartean izango dute Urteko Kirolaria saria eskuratzeko hautagaiak aurkezteko aukera. Hiru kategoria izango dira: gizonena, emakumeena eta aipamen berezia boluntario lanetan aritu direnentzat. Kategoria horietako sariak eskuratzeko norbanakoak eta taldeak proposatu ahal izango dira.

Hautagaiak aurkeztu nahi dituztenek hainbat aukera izango dituzte horretarako; herritarren kasuan,  kirolak@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute, 943-15 00 95 telefonora deitu edo Udaleko Harrera Erregistrora joan. Kirol klubek, aldiz, kirolak@azpeitia.eus helbidera bidali beharko dute mezua, eta eranskina atxiki beharko dute mezuan. Udalak "argi" utzi du kirol emaitzez gain "bestelako balioak eta merituak" kontuan izatea garrantzitsua izango dela proposamenak egiterakoan.

Botoa emateko aukera

Kirol klubek eta herritarrek egindako proposamenekin zerrenda bat osatuko du udalak, eta ikusgai izango dute herritarrek. Gainera, azaroaren 19tik 29ra bitartean botoa emateko aukera izango da; horretarako, herritarrek hiru aukera izango dituzte: igerilekuan eta kiroldegian jarritako buzoietan botoa utzi, 943-15 00 95 telefonora deitu edo kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzi. Kirol klubek, berriz, helbide elektronikoz soilik izango dute horretarako aukera.

Epaimahaia abenduaren 1etik 3ra bilduko da, eta jasotako proposamenetan oinarrituta, 2021. Urteko Kirolaria saria banatuko dute gizonen eta emakumeen kategorian, baita Urteko Kirol Boluntarioa hautatu ere. Abenduaren 18an izango da sari banaketa ekitaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide