Familiei eskerrak emanez amaitu dute San Martin Astea adinekoen egoitzan

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 13a, 12:52

San Martin Astea ospatu dute aste honetan adinekoen egoitzan. Gaur familiekin bazkaria egitekoak ziren, baina bertan behera utzi dute, osasun egoera dela eta. Egoitzako kideek eskerrak eman dizkiete egoiliarren senideei adierazi duten "pazientziagatik eta ulermenagatik". 

San Martin egunaren bueltan, San Martin Astea ospatu dute Azpeitiko adinekoen egoitzan. Astelehenean bota zuten ospakizunei hasiera emateko txupinazoa, eta egun horretatik aurrera, askotariko ekintzak egin dituzte bertan: bingoa, txokolatadak, meza, bazkari berezia, trikitilariekin erromeria...

Berez, gaur –larunbata– familiekin bazkaria egitekoak ziren, baina bertan behera utzi dute ekintza hori, "koronabirusa tarteko Azpeitian dagoen egoera dela eta". Bazkaria bertan behera gelditu den arren, egoitzako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete egoiliarren senideei. "Bazkaria baliatu nahi genuen, batez ere, egoiliarren senideei eskerrak emateko, gurekiko pazientzia eta ulermena izan dituztelako, bizi dugun egoera dela eta. Nola edo hala itzuli nahi genizkizuen pandemia egoeran transmititu dizkiguzuen esker oneko eta animozko adierazpenak, asko lagundu baitigute egoera hau aurrera eramaten".

Ahal bezain laster, egoiliarren senideekin zerbait egiteko konpromisoa azaldu du San Martin egoitzak. "Zalantzarik gabe, jardueraren bat egingo dugu egoiliarrekin eta senideekin".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide