Ezin izan dituzte hiru puntuak poltsikoratu Lagun Onaken bi talde nagusiek

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 13a, 20:11

Lagun Onaken eta Durangoren arteko partidako une bat.

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak partida ona egin du, baina azken uneko gol baten ondorioz, 0 eta 1 galdu du Durangoren aurka. Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak, berriz, 2 eta 0 galdu du Zumaiakoren kontra.

Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiek galdu egin dituzte jardunaldi honetako neurketak. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Durango hartu du etxean; 17:00etan hasita neurtu dituzte indarrak, Garmendipen. Azpeitiko taldeak oso partida ona egin du, indartsu aritu dira denbora guztian, baina neurketaren hondarrean, 84. minutuan, inork desio ez zuena gertatu da: Durangok gola sartu du, eta beraz, beste behin ihes egin diote Lagun Onaki hiru puntuek. Une honetan, sailkapenaren atzeko postuetan jarraitzen du taldeak. 11 punturekin, hamazazpigarren postuan dira mutilak.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak ere burumakur amaitu du aste honetako neurketa. Zumaiakoren aurka jokatu dute partida, etxetik kanpo, eta ezin izan dute irabazi: hain zuzen ere, 2 eta 0 gailendu dira aurkariak. Partida hasi orduko, bigarren minutuan, egin du Zumaiakok lehen gola, eta partidaren amaieran, 85. minutuan, egin dute bigarrena. Hamasei punturekin, sailkapenaren laugarren postuan da taldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide