Urola Erdiko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak hainbat ekitaldi antolatu ditu azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta. Azkoitian, Zestoan eta Azpeitian gauzatuko du A25aren bueltako egitaraua Urola Erdiko Itaiak eta, hain zuzen ere, Azpeitian egingo duten ekitaldi bakarrarekin itxiko dute egitarau hori.
Datorren igandean, azaroaren 21ean, jarri dute hitzordua Itaiakoek Azpeitian: 18:00etan hasita, Oh gu hemen izenburuarekin tertulia egingo dute.
Donostiara joateko autobusa
Itaiak azaroaren 25ean, ostegunarekin, egingo duen mobilizazioarekin bat eginez, Urola Erdiko Itaiak autobusa jarriko du Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik hara joan nahi dutenentzat.
18:00etan hasiko da azaroaren 25eko mobilizazioa Donostian, Bulebarrean. Hara joateko autobusa, berriz, 16:50ean irtengo da Azkoititik, 17:00etan Azpeititik, eta 17:10ean Zestoatik. Autobuserako izena ematea gomendatu dute antolatzaileek, Itaiako kideen bitartez edo Azpeitiko Haginpe tabernan.