Koronabirusa Azpeitian

Milako langa gainditu du Azpeitiko intzidentzia tasak

Andoni Elduaien 2021ko aza. 18a, 14:34

(Argazkia: Alex Berasategi)

Osasun Sailaren arabera, astelehenetik atzora bitartean 47 kasu baieztatu dituzte herrian. Gaur-gaurkoz, 1.018,40koa da Azpeitiko intzidentzia tasa.

Koronabirusaren bilakaeraren inguruko aste honetako bigarren txostena kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, eta horren arabera, astelehenetik atzora bitartean 47 kasu baieztatu dituzte Azpeitian: bederatzi astelehenean, 11 asteartean eta 27 asteazkenean. Hori horrela, 1.018,40koa da intzidentzia tasa herrian.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 126 kasu positibo zenbatu dituzte azken egunetan. Ondorioz, zertxobait gora egin du herri gehienetako intzidentzia tasak. Zumaia da, gaur-gaurkoz, Jaurlaritzak ezarritako 150eko intzidentzia tasa mugaren azpitik dagoen eskualdeko herri bakarra; asteleheneko tasa bera dute han. Gainerako herri guztietan gora egin du kasu metatuen tasak, eta 240tik gora daude guztiak.

Azpeitiaren atzetik, Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 36, hain zuzen ere; zazpi astelehenean, hamasei asteartean eta hamahiru asteazkenean. Gaur-gaurkoz, 355,51ko intzidentzia tasa dute Zarautzen. Bi herri horien ondoren, Aian zenbatu dituzte positibo gehien. Hamabi kasu positibo –launa egun bakoitzean– atzemanda, 1.108,31koa da intzidentzia tasa han. Azkoitian, ostera, 11 positibo –hiruna astelehenean zein asteartean eta bost asteazkenean– hauteman dituzte, baina han intzidentzia tasa baxuagoa da: 242,01ekoa.

Orion, bestalde, zortzi kasu positibo –lau astelehenean, hiru asteartean eta bat asteazkenean– atzeman ditu Osasun Sailak, eta 391,39koa tasa dute. Aizarnazabalen, berriz, lau kasu hauteman dituzte –laurak asteartean– eta 1.300,39ko tasa dute.  Errezilen eta Zumaian, hiruna positibo zenbatu dituzte –Errezilen hirurak asteazkenean eta Zumaian, bana egun bakoitzean–; 644,12koa da Errezilgo intzidentzia tasa, eta 111,94koa Zumaian.

Getarian eta Zestoan positibo bana zenbatu dute astelehenetik atzora arte –asteartean Getarian eta astelehenean Zestoan–; 1.272,08koa da Getariako zenbatekoa eta 256,81ekoa Zestoakoa. Beizaman, aldiz, ez dute positiborik zenbatu azken hiru egunetan, baina, 2.419,35ko tasa dute.

30 gaixo ZIUn

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 1.652 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan egoera egonkorra da; izan ere, 30 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Aldiz, une honetan ere 114 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta.

150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriek urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete beharko dituztela iragarri zuen asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta horiek betetzen direla bermatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Jaurlaritzak tokian tokiko udalengan utzia du egoera balioesteko eta erabakitzeko ardura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide