"Oso polita", "zoragarria eta oso hunkigarria". Atzo Un año mas dokumentalaren emanaldi-solasaldian izan ziren Atzegiko eta Marea Urdineko kideen hitzak dira horiek.
Paco Bernal margolari zenaren eta haren arreba Rosaren bizipenetan oinarritutako filma da Un año mas. Duela bi urte estreinatu zuten, baina herriz herri aurkezten jarraitzen dute. Atzo Azpeitian izan ziren Julio Suarez zuzendaria eta Rosa Bernal bera. Filma eman ondoren, gaitasun desberdinak izatearen eta arte inklusiboaren gainean hitz egin zuten, besteak beste, Suarezek eta Bernalek. Ekitaldia bukatzeko, berriz, Paco anaiaren margolan bana jaso zuten Rosa Bernalen eskutik Txolarteko eta Marea Urdineko kideek, bakoitzak bere esparruan egiten duen lanaren aitortza gisara. Baina horiek ez ziren izan atzo iluntzeko opari bakarrak Soreasun: antzokitik irteterakoan, ekitaldian parte hartu zuten guztiek Bernalen litografia bat jaso zuten.
(Argazkiak: Azpeitiko Atzegi eta Marea Urdina)