Aspaldiko betekadarik handiena hartu dute gaur, larunbata, Azkoitiko Txerloia futbol zelaiko harmailek, iaz ez bezala, asko izan baitira Lagun Onak zein Anaitasuna animatzera joan diren zaleak. Espainiako Hirugarren Mailako taldeen arteko derbia jokatu dute gaur, larunbata, Azkoitian, eta bi taldeek partida bizia eskaini dute; dena den, Azpeitiko taldea esku hutsik itzuli da herrira.
Trakets hasi du norgehiagoka Azkoitiko taldeak, partida hasi eta minutu gutxira bete atean sartu baitute gola gorriek. Bi taldeek izan dituzte golak sartzeko aukerak lehenengo zatian zehar, baina atsedenera arte, ez da beste golik zenbatu, eta markagailuan Lagun Onak joan da aurretik. Bigarren zatian, ordea, markagailua irauli du Azkoitiko taldeak: izan ere, 62. minutuan Pastrianek partida berdintzea lortu du, eta handik gutxira taldeari garaipena eman dion gola egin du Markelek. Horrenbestez, 2-1 amaitu dute derbia Anaitasunak eta Lagun Onakek. Sailkapenaren hemezortzigarren postuan da egun Lagun Onak.
Lagun Onaken emakumezkoen taldeak, berriz, oso bestelako norgehiagoka jokatu du Garmendipen. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Touring hartu du etxean, eta erraz nagusitu dira azpeitiarrak. 5-1 amaitu da haien norgehiagoka.