Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatu dute gaur, igandea, eta 3.000 ikusleren aurrean, Euskal Herriko punta puntako aizkolariak lehiatu dira Bilbao Arenan. Mikel Larrañaga azpeitiarrak gogor jardun du txapela janzteko, baina Iker Vicente nagusitu da saioaren hasieratik, eta hark irabazi du, bigarrenez, txapelketa.
Sei finalista aritu dira nor baino nor lehian: Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu. Txanda bakarrean, sei finalistek hamabi enbor moztu behar izan dituzte: 54, 60 eta 72 ontzako launa. Hasieratik, lehiaren buruan ibili da otsagabiarra, eta haren atzetik kokatu da azpeitiarra. Pixkanaka, gainera, Vicente enborretik enborrerako tartea irabazten joan zaio Larrañagari. Vicentek 39:37 behar izan du lanak amaitzeko, eta Larrañagak, berriz, 41 minutu 57 segundotan moztu ditu enborrak. Hirugarren sailkatu da Eneko Otaño beizamarra, eta beraz, iazko txapelketako podiuma errepikatu da bigarren edizioan ere.