Osasun mentaleko errekuperazioari begirada feminista izeneko hitzaldia eskainiko duzu gaur Emakumeen Txokoan. Zein dira, zehazki, hizpide izango dituzun gaiak?
Depresioaren gaindipenaz edo errekuperazioaz arituko naiz solasean, ikuspegi feministatik eta soziokulturaletik. Izan ere, urteak eman ditut perspektiba feministatik depresioaren errekuperazioaren gaia aztertzen eta ikertzen. Ikerketa horretatik ateratako ondorioetako batzuk plazaratuko ditut gaur.
Hain zuzen, doktore tesian aztertu zenuen depresioa jasan duten pertsonen errekuperazio prozesua. Zein ondorio nagusi atera zenituen azterlanarekin?
Ondorio pila bat atera nituen, ikaragarri. Ia sei urteko ikerketa prozesua izan zen, eta 20 pertsona inguruk parte hartu zuten. Gai ugari aztertu nituen, baina errekuperazioari lotuta atera nuen ondorio nagusienetakoa da errekuperazioa desberdina dela pertsona bakoitzarentzat. Era berean, ondorioztatu nuen gorputzari lotutako praktikak martxan jartzea oso garrantzitsua dela depresioa gainditzeko: kirola egitea, elikadura ohiturak aldatzea, beste pertsona batzuekin besarkatzea, dutxatzea... Eta, noski, depresioari aurre egiteko ezinbestekoa dela beste pertsonen babesa.
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren atarian gaude. Zer lotura dute depresioak eta genero eraikuntzak?
Depresioa oso feminizatuta dagoen diagnostikoa da. Horrek esan nahi duena da depresioa duten ia pertsona gehienak emakumeak direla. Ez da kasualitatea, ez da logika kontua, bere iturburua desberdintasun sozialetan eta indarkeria patriarkaletan dago. Emakumeok desberdintasun sozial gehiago bizi ditugu zentzu askotan, hala nola zentzu ekonomikoan, zaintzari lotutako auzietan... Ez da berdina gizon ala emakume pobre izan edo adineko emakume ala gizon. Ondorioz, emakumeak sufrimendu handia jasan eta garatzen du. Horrek depresio forma hartzen du askotan. Indarkeria jasatzen duten emakume gehienek antsietatea edo depresioa garatzen dute.
Zergatik da garrantzitsua osasun mentaleko errekuperazioa begirada feministaz tratatzea?
Begirada feminista bizitzako arlo guztietan da garrantzitsua, baina depresioa feminizatuta dagoen diagnostikoa izanik, errekuperazioa ere emakumeen ikuspuntutik begiratzea garrantzitsua da.
Zein da depresioa gainditzeko erabiltzen edo proposatzen diren bideak?
Asko dira pertsonek erabiltzen dituzten estrategiak; bakoitzak depresioaren errekuperazioari aurre egiteko errezeta propioa du. Batzuei baliagarri zaie osasun zerbitzuetatik eskaintzen dituzten baliabideak, psikoterapia edo psikofarmatologia, esaterako. Beste batzuei, aldiz, ez zaizkie lagungarri. Beste pertsona batzuk gorputzari lotutako ekintzak egiteari ekiten diote, eta horrek on egiten die zentzu askotan. Hala ere, argi dagoena da depresioaren errekuperazioa bakarrik egitea oso zaila edo ezinezkoa dela. Ezinbestekoa da beste pertsona batzuen laguntza, eta babes hori askotarikoa izan daiteke. Nire ikerketan parte hartu duten pertsona guztiek azpimarratu dute erreminta desberdinen bitartez egin diotela aurre depresioari.
Azken urtebetean presentzia handia hartu du buruko osasunaren auziak esparru ugaritan, eta badirudi guztion ahotan dagoen gaia dela. Zure ustez, zein da horren arrazoia?
Zalantzarik gabe, pandemia izan da azken urtean zaurgarritasunera bultzatu gaituena. Dena den, aspalditik zetorren zerbait dela iruditzen zait. Uste dut psikologia garrantzia handia hartzen eta bizitzako esparru ugari zeharkatzen ari dela. Horrek eragina du gizarteak bizitzari begiratzeko moduetan.
Mezu bat azaroaren 25aren harira:
Patriarkatua hautsi behar dugu gizarte hobeago bat eraikitzeko. Horretarako, ezinbestekoa da elkar babestea eta elkarrekin egotea, une onenetan zein txarretan.