Jonathan Terron Azpeitiko bizilagun eta jiu-jitsularia zilarrezko eta brontzezko domina banarekin itzuli da Espainiako Jiu-jitsu Txapelketatik. Joan zen asteburuan jokatu zuten txapelketa Parlan (Madril), eta Terron Ne-Wanza modalitatean eta borroka modalitatean aritu zen lehian.
Terronen helburua zen Ne-Wanza modalitateko 85 kilo azpikoen mailan txapeldun izatea, baina azken unean ihes egin zion lehen postuak Azpeitiko bizilagunari, eta Espainiako azpitxapeldun sailkatu zen modalitate horretan. Terronek azaldu duenez, puntuaketan berdin zihoazen aurkaria eta bera, baina epaileak hartutako erabaki batek aurkariari eman zion abantaila. Ne-Wanza modalitatean zilarrezko domina eskuratzeaz gain, brontzezko domina eskuratu zuen borroken modalitatean.
Azpeitiko Condor klubeko jiu-jitsulariak azaldu duenez, txapelketa ez irabazi izanak "arantzatxoa" utzi dio, baina egindako lanarekin "gustura" dagoela esan du. Orain, txapelketak utzi, eta denbora batez atseden hartuko duela kontatu du, nahiz eta datorren urtean sariketetara aurkezteko asmorik ez zaion falta. Hain zuzen, hori da Terronen asmoa: atseden hartzea eta hurrengo urtera begira prestatzen jarraitzea.