Lagun Onak Mendi Bazkunaren Mendiko Ahotsak zikloaren barruan, Mamen Etxaniz azpeitiarra izan zen atzo –osteguna– protagonista. Mendizalea, abenturazalea, bidaiaria, geldiezina, eta batez ere, nekaezina da Etxaniz, eta mundu osoko hainbat txoko bisitatu ditu. Horien artean, The Great Himalaya Trail ibilbidea osatu zuen iaz, eta han bizitako esperientzia azaldu zuen atzoko saioan. Hain zuzen ere, 62 egun oinez eman zituen azpeitiarrak, 1.100 kilometro eta 65.000 metroko desnibela dituen bidea eginez. Bazuen zer kontatua atzokoan, eta saioak interesa piztu zuen herritarren artean. Zehazki, 50 bat lagun elkartu ziren haren solasaldian.