ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte biharko, asteazkena, Euskal Herriko hainbat txokotan, eta tokian tokiko beste hainbat eragilek –Azpeitian, Elkar-ekinek, esaterako– ere bat egin dute horien deialdiarekin. Hain zuzen ere, "lan, pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatuko dituzte, eta kontzentrazioetako bat Azpeitiko plazan izango da, 18:00etan hasita.
Protestaren deitzaileen arabera, pandemiak "azkartu eta sakondu" egin ditu aurretik ere bizirik zeuden "krisi anizkoitzak eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak". Horren kudeaketa "negargarria" izan dela diote, eta argi geratu dela botere ekonomiko eta politikoa dutenen hautua "kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea" dela.
Aurrerantzeko erabakiek ere "ildo beretik" jarraituko dutela aurreikusi dute, eta horregatik, lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko nahiz lan eta pentsio erreformen kontrako aldarriak plazaratuko dituzte bihar. "Prekaritatera kondenatutako langile belaundaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta ezkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoa ez diren langabezia prestazioak jasotzen ditugunona", adierazi dute oharrean.
"Norabide aldaketa sakon" baten bila doaz, beraz, mobilizazioen deitzaileak. "Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu", gaineratu dute eragileek.
Azpeitian ez ezik, Zumaian eta Zarautzen ere izango dira kontzentrazioak bihar arratsaldean. Goizean, berriz, 11:00etan hasita, manifestazioak egingo dituzte Euskal Herriko lau hiriburutan: Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen.