Koronabirusa Azpeitian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID ziurtagiria ezartzearen aldeko ebazpena eman du Espainiako Auzitegi Gorenak

Amaia Urbieta 2021ko aza. 30a, 13:52

Eusko Jaurlaritzak jarritako helegitearen ebazpena eman du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, osasun larrialdi egoera ezarriko du berriro Jaurlaritzak, datuen bilakaera kezkagarria dela eta.

Espainiako Auzitegi Gorenak baiezkoa eman dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID ziurtagiria ezarri ahal izateko Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako auzibideari. EAEko Auzitegi Nagusiak horretarako eskaera ukatu ostean, Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztu zuen Jaurlaritzak errekurtsoa, eta Gorenaren aldeko ebazpenarekin, Jaurlaritzak ziurtagiria ezarri ahal izango du aisialdirako eta dantzarako lekuetan.

Horrez gain, duela gutxi iragarri du Jaurlaritzak osasun larrialdia berriro ezarriko duela Gorenaren ebazpena jasotakoan, birusaren hedapena azken asteetan izaten ari den bilakaera kezkagarria dela eta. Egoerak “txarrera” egiten jarraitzen duela azaltzeko, azken datuen berri eman du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak: atzo 60 ospitaleratze izan ziren COVID-19ak eraginda Osakidetzaren zentroetan, eta ZIUetan ere larritzen ari da egoera: “49 paziente daude”. ZIUetako oheetan COVID-19ak jotako 50 gaixotan jarri zuen muga Iñigo Urkullu lehendakariak, urriaren 7an bertan behera gelditu zen osasun larrialdia berrezartzeko. Horrez gain, Sagarduik jakinarazi du Osakidetzak “kirurgia jarduerak mugatu” egin behar izan dituela, premiazko esku hartzeak bermatuta dauden arren. Hala ere, egun dauden oheak “hirukoiztu” ditzaketela ere gaineratu du.

COVID ziurtagiria ezartzeko asmoaz gain, sailburuak ez du aurreratu Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarritakoan zer neurri mota hartzea aurreikusten duen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide